Giza katea
Gure Esku Dago: 'Gure aldarrikapena ez da abertzalea; demokratikoa da'
David Perez | eitb.com
Angel Oiarbide bozeramaileak azaldu duenez, giza katearen helburua "sentsibilitate demokratiko ezberdinen arteko bilgunea sortzea" izan da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Angel Oiarbide Gure Esku Dago ekimeneko bozeramailearen esanetan, erabakitzeko eskubidearen alde atzo Durango eta Iruñea lotu zituen giza kate jendetsuaren helburua "ez da indar abertzaleak biltzea; izan ere, gure aldarrikapena ez da abertzalea, demokratikoa baizik".
Horren ildotik, erabakitzeko eskubidea "erreminta demokratikoa" dela eta, "errepublika edo monarkia nahi duten hautatzeko xedez", Espainiako gizarteak ere eskatu duela gogorarazi du. Gainera, Ezker Batuak eta Podemos-Ahal Duguk, "Estatuko hirugarren eta laugarren indarrek", giza katea babestu izana azpimarratu du. "Gauzak aldatzen ari dira", iritzi dio.
Oiarbidek elkarrizketa eskaini du "Boulevard" Radio Euskadiko saioan gaur, 150.000 pertsonak baino gehiagok giza kate erraldoia egin eta biharamunean. Elkarrizketa horretan, euren helburua "sentsibilitate demokratiko ezberdinen arteko bilgunea sortzea" izan dela, eta Eskozian erabakitzeko eskubidea, "printzipio nazionalista bat" baino gehiago, "printzipio demokratikoa" dela nabarmendu du.
Oiarbideren ustez, gizartea "lokartuta" zegoen, "trabatuta", eta sentsibilitate askotarikoak elkartzeak "asko kostatzen zuen". "Hori gainditzeko, giza katea erreminta interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaigun", erantsi du.
Plataformako bozeramaileak aitortu egin du oraindik ere "sentsibilitate ugari" ez daudela erabakitzeko eskubidearekin "eroso", baina "normala" dela esan du. "Ez dugu inor seinalatu nahi, herrialde gisa atzo bertan abiatu baikenuen demokraziaren bidea", esan du.
Demokraten arteko bilguneari dagokionez, "herrialde honetan hainbat nazio sentimendu daude", adierazi du. Horregatik, herritarren arteko indar metaketa erabakitzeko eskubidearen inguruan egin daitekeela ondorioztatu dute, "denon artean gure etorkizuna erabaki ahal izateko".
Oiarbidek argitu duenez, Gure Esku Dagok ez du "alderdien estrategietan esku hartu nahi", baina indar politikoak "herritarren ahotsak entzuten" ari direla uste du.
ETAk erabakitzeko eskubidea "marruskatu" ote duen galdetuta, giza katearen sustatzaileak zera erantzun du: "Orain arte, urak nahasita izan dira, amaitu berri den aroak dena zikindu du, euskara ere lokatzetan izan da, baina hori guztia amaitu den honetan, autodeterminazioa garbitu eta gizarteratu beharra dago".
"Dena dugu egiteko, garbitzeko", amaitu du.