Gure Esku Dago
Quiroga: 'Erabakitzeko eskubidearen ondorioak azaldu behar dituzte'
Erredakzioa
"Indenpendentziaz eta Espainiarekin eta Europarekin hausteaz hitzegiteko modu polita da erabakitzeko eskubidea", adierazi du Arantza Quirogak.
Arantza Quirogak "erabakitzeko eskubidea zertan oinarritzen den eta ondorioak zeintzuk diren" azaltzea eskatu du. Euskadiko PPren presidentearen iritzian, "erabakitzeko eskubidea independentziaz eta Espainiarekin eta Europarekin hausteaz hitzegiteko modu polita da".
Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, Quirogak aitortu du joan den igandean Gure Esku Dagok antolatutako giza katean izandako parte-hartzea kontuan hartuta, "sentimendu independentista sendoa" dagoela ondorioztatu duela.
"Ez dakit bertan izan 150.000 lagunek independentzia nahi duten ala ez, baina argi dagoena da egungo egoeratik harago joan nahi dutela", azpimarratu du.
Gauzak horrela, "bozkatu nahi dutena zer den eta galdeketaren biharamunean zer gertatuko den" argitzea exijitu die erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dutenei.
Katalunian deitutako erreferendumari dagokionez, ordenamendu juridikoan tokirik ez duela adierazi du. "Erabakitzeko eskubidea gauzatu aurretik, araua alda beharko lukete lehendabizi", erantsi du.