Krisi politikoa PSOE-n
Soraya Rodriguez: 'Susana Diazen erabakiak ohoratu egiten du'
Erredakzioa
Jose Antonio Pastorren ustez, Andaluziako presidentearen erabakia "egokia" da, eta astea bukatu arte "gauza asko gerta daitezke", gaineratu du.
Soraya Rodriguez PSOEren Kongresuko bozeramailearen ustez, Susana Diaz Andaluziako presidenteak PSOEren idazkari nagusi izateko hautagaitzari uko egitea erabakitzeak "ohoratu egiten du", "Andaluziarekiko duen konpromisoa berretsi eta lehenetsi" duela esan nahi duelako.
"Andaluziako presidente, buruzagi politiko eta PSOEren erreferente gisa ohoratu egiten duen keinua izan da, andaluziarrekiko, Andaluziarekin eta Andaluziako Gobernuarekin duen konpromisoa lehenetsi duelako", nabarmendu du bozeramaile sozialistak Bozeramaileen Batzordearen bileran parte hartu baino lehen.
Rodriguezen arabera, Susana Diaz PSOEn "erreferente garrantzitsua" da, eta "erreferente izaten jarraituko du", eta "berak ondo baino hobeto esan duenez, hurrengo batzarrean irtenbiderik onena topatzeko lan egingo du".
Bestalde, Jose Antonio Pastor PSE-EEren legebiltzarkide eta sozialista bizkaitarren idazkari nagusiaren arabera, Diazen erabakia "egokia" izan da, eta "hiru kide utzi ditu lehian": Eduardo Madina, Jose Antonio Perez Tapia eta Pedro Sanchez. Halere, astea bukatu arte arte "gauza asko gerta daitezke", gaineratu du.
Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, Pastorrek esan du Eduardo Madinak PSOEren idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkezten badu idazkari izateko aukera izango duela. "Gaur-gaurkoz, badirudi aurkezteko asmoa duela, baina aste osoa dugu aurretik, ostiralera arte", azaldu du.