Itxi

Minutuz minutuko jarraipena

Honela kontatu dizugu abdikazioari buruzko eztabaida

David Perez | eitb.com

Kongresuak onartu egin du Juan Carlos I.a erregearen abdikazioa. PSOEko bi diputatuk zuzendaritzaren agindua urratu dute, tartean Odon Elorza Donostiako alkate ohia, abstenitu egin baita.

12:45. Bukatu egin da bozketa: Diputatuen Kongresuak onartu egin du Juan Carlos erregearen abdikazioa. 299 diputatuk bozkatu dute alde, 19k aurka eta 23 abstenitu egin dira. Orain, legea Senatura igorriko dute, izapidearekin jarraitzeko.

12:43. Odon Elorza Donostiako alkate ohia abstenitu egin da bozketan, PSOEko zuzendaritzaren agindua urratuta. Beste diputatu sozialista batek, Guillerm Garcia Gasullak, ez du parte hartu.

12:27. Zalantzetako bat PSOEko diputatu guztiek zuzendaritzaren agindua bete eta legearen alde egingo ote duten da. Odon Elorza Donostiako alkate ohiak aura bozkatu lezakeela iradoki du.

12:22. Diputatuak banan-banan eta ahoz ari dira bozkatzen.

12:18. Hasi da lege proiektuari buruzko bozketa; Amaiurreko diputatuek alde egin dute.

12:17. Kongresuak errefusatu egin ditu taldeen zuzenketak: 301 boto aurka, 26 alde eta 21 abstentzio.

12:14. Lehenik eta behin zuzenketak bozkatuko dituzte, denak batera.

12:08. Bukatu da Alfonso Alonsoren txanda, bi minutu barru hasiko dira bozketak. Diputatuek banan-banan eta ahoz emango dute botoa.

12:07. PPko bozeramailea Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuari zuzendu zaio. "Bagenekien ez zenuela erregea omenduko, zuk ETAko hiltzaileak omentzea nahiago duzulako". "Zuek Juan Carlos erregea hiltzen saiatu zineten", egotzi dio.

11:58. Alonsoren esanetan, "Konstituzioa ez zen belaunaldi bakar batentzat jaio, baizik eta iraganeko eta etorkizuneko belaunaldientzat". "Konstituzioa aldatu nahi baduzue, Konstituzioa errespeta ezazue", gaineratu du.

11:52. Bukatu da Talde Mistoaren txanda, eta azken hizlaria, Alfonso Alonso PPko bozeramailea, igo da tribunara.

11:50. Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak herritarrei "entzungor" egitea egotzi die PPri eta PSOEri.

11:44. "Denok ados gaude: azken urteak onenak izan dira bizikidetzaren eta garapenaren arloetan. Beraz, zergatik iraganera begiratu?", galdegin du Carlos Salvador UPNko diputatuak, errepublika baztertuta

11:35. Enrique Alvarez Sostres Foro Asturiasko bozeramaileak "errespetua" agertu dio Juan Carlos I.ari, "gure herrialdeari egindako ekarpena dela eta".

11:33. Joan Baldovi Bloc Nacionalista Valencia alderdiko bozeramailea: "Egungo boto-emaileen % 64k ezin izan genuen Estatu eredua erabaki; hori da guk eskatzen duguna, hitz egin ahal izatea".

11:27. Ana Oramas Coalicion Canariako diputatuak Konstituzioa "berritzeko" deia egin du, "gure gizartearen erronka berriei erantzuteko".

11:20. Olaia Fernandez Davila BNGko bozermailea: "Monarkia zaharkitua dago eta gizartearen parte handi bat horren aurka dago".

11:16. Talde Mistoaren txandak aurrera. Alfred Bosch ERCko diputatua: "Beste errege bat inposatu eta gero, espainiar errepublikanoen itxaropen demokratiko bakarra errepublika kataluniarra da".

11:11. Ikurrina eskuan, "Gora Euskal Herria askatuta! Gora euskal errepublika!" oihukatuta amaitu du hitzaldia Sabino Cuadrak.

11:08. "Demokrazia ez da bateragarria botere hereditario batekin, eta are gutxiago Espainian, bertan estatuburua Armadako burua ere baita".

11:06. Amaiurreko diputatuaren esanetan, Trantsizioa "iruzurra" izan zen. Izan ere, askatasuna "ez zuten erregeak ezta Adolfo Suarezek ere ekarri, langileek baizik, grebak eginez".

11:04. Juan Carlos I.ak "bi aurpegi" dituela kritikatu du Sabino Cuadrak: "Francori leialtasunari agertu zion, eta bat-batean demokrata zen betidanik".

11:01. Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuaren txanda.

11:00. Diputatu jeltzalearen hitzetan, "hurrengo erregeak Estatua beste eredu baten bidean jartzeko erabili behar du moderatzaile papera".

10:56. "Konstituzioaren paketeari inoiz eman ez diogun babes bat eskatzen digute gaur. EAJk 1978. urtean Konstituzioaren aurrean izan zuen jarrera berbera du gaur egun", esan du Estebanek.

10:53. "Itun konstituzionalean hainbat gai ez ziren eztabaidatu", tartean monarkia, esan du diputatu jeltzaleak: "Ezinezkoa izan zen eztabaida, errepublikak ez zuen inoiz aukerarik izan".

10:47. Aitor Esteban EAJko bozeramailearen txanda.

10:46. Bukatu du hitzaldia Rosa Diezek, une honetan "kalitate demokratiko handien" duen jokabidea "Konstituzioa betetzea" dela esanda.

10:44. UPyDko bozeramailearen esanetan, erreferendum bat "legez kanpokoa" izango litzateke. "Iruzurra izango litzateke, abiapuntura itzuliko ginateke berriz, Konstituzioa hausteko erreminta bat izango litzateke". Bestalde, Ipar Koreak, errepublika bada ere, ez dituela bere herritarren eskubideak bermatzen aipatu du.

10:36. Rosa Diezen esanetan, "Estatuaren eredua ez da garrantzitsua, sistemaren kalitatea baizik".

10:31. Amaitu da Cayo Lararen hitzaldia; Rosa Diez UPyDko diputatuaren txanda: "Lege hau onartzen ez badugu, erregeak ezingo du abdikatu".

10:28. "Izquierda Pluralean ez dugu gure errepublikazaletasuna beste alderdien artean zabaldu nahi; nahi dugunak demokraziarekin zerikusirik du, erreferendum bat deitzea herritarrek askatasun osoz euren etorkizuna hauta dezaten".

10:22. Indartsu hasi da Cayo Lara: "Felipe VI.a odol berria da dinastia zaharkitu batentzat"".

10:16. Cayo Lara Izquierda Plural taldeko bozeramailearen txanda. Hitzaldia hasi duenean, bere taldeko diputatuak altxatu egin dira eta "erreferenduma" eskatzeko kartelak erakutsi dituzte.

10:15. Hurrengo erregea "Kataluniako herritarren aldarrikapenekin sentikorra izatea" espero duela esanda amaitu du hitzaldia CiUko bozeramaileak.

10:07. Dena dela, erregeak "kataluniako gizartearen gehiengoaren aldarrikapenekin zeregin aktiboakoa izatea" nahi zutela gaineratu du.

10:02. Duran i Lleidaren esanetan, Juan Carlos I.aren erregealdia "oro har positiboa" izan da.

09:58. Bukatu du hitzaldia Rubalcabak, eta Josep Antoni Duran i Lleida CiUko bozeramailea igo da tribunara.

09:49. PSOE itun konstituzionalarekin "leiala" dela aldarrikatu du Rubalcabak. "PSOEk bete egiten ditu akordioak, eta ez du itun konstituzionala hautsiko".

09:45. Rubalcabak mezu bat bidali die legearen aurka bozkatzea aztertzen egon litezkeen diputatu sozialistei: "Bozkatzeko orduan argi geratu behar da abdikazioa bera dela bozkatu behar dena; ondorengotza aspaldi bozkatu genuen espainiarrok".

09:43. "Ganbera honek abdikazio legeari ezetz esan diezaioke? Ez, Konstituzionalak hala ezartzen duelako", esan du Rubalcabak.

09:43. Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiaren txanda.

09:42. Rajoyk amaiera eman dio hitzaldiari, diputatuei "erantzukizunez jokatzea" eskatuta.

09:35. Rajoyren esanetan, Espainiaren "modernizazioa" Juan Carlos erregeak emandako "bultzadari esker" izan da, besteak beste. Estatuburua "arrisku bete zegoen Trantsizio bateko pilotu trebea" izan dela txalotu du.

09:29. "Itsuek ere ikusiko lituzkete erregearen merituak", aldarrikatu du.

09:28. Rajoyk nabarmendu duenez, "Estatuaren forma politikoa ez dago gaurko gaien zerrendan, Espainia monarkia parlamentarioa da, espainiarrek hala nahi dutelako.

09:25. "Legeak erregeak abdikatu egin duela eta hori lege hau indarrean sartzean gauzatuko dela baino ez du esaten. Ez dago zalantzarik oinordetzan, eta, beraz, ez da beharrezkoa legeari puntu gehiago gaineratzea", esan du Rajoyk.

09:22. Hasi da Mariano Rajoyren hitzaldia.

09:21. Kongresuak abdikazioa irakurketa bakarraz izapidetzea onartu du, eguerdian izango da bozketa.

09:11. Soraya Rodriguez PSOEko bozeramaileak defendatu egin du abdikazioa irakurketa bakarraz izapidetzea, helburua "legea betetzea" baita. Gainera, abdikazioa "Konstituzioan jasota" dagoela gogorarazi du. PPren esanetan, legea ez da "konplexua", bi artikulu baino ez baititu.

09:09. Europako hauteskundeetan alderdi-bitasuna hautsita ere, PPk eta PSOEk estatuburua prozedura "espres" batekin ordezkatuko dutela salatu du.

09:07. Lege organikoa irakurketa bakarraz izapidetu izana kritikatu du Coscubielak. "Zenbat eta garrantzi sozial handiagoa, gero eta eztabaida txikiagoa", deitoratu du.

09:04. Jesus Posada Kongresuko presidenteak hasiera eman dio saioari. Joan Coscubiela Izquierda Pluraleko bozeramailea da hitz egiten lehena.

08:56. Espainiako Gobernuaren partez, Mariano Rajoy presidenteak defendatuko du legea Kongresuan. Atzo, gaurko eztabaida ez dela monarkiari edo errepublikari buruzkoa izango ohartarazi zuen.

08:48. Saioko zalantzetako bat zera da, PSOEko diputatu guztiek alderdiko zuzendaritzaren agindua, hau da, legea babestea, beteko ote duten. Horren ildotik, Odon Elorza Donostiako alkate ohiak aurka egin lezakeela iradoki du.

08:43. Bestalde, Izquierda Plural, ERC, BNG, Compromis eta Geroa Bai aurka agertuko dira; EAJ eta CiU abstenitu egingo dira, eta Amaiurrek ez du bozketan parte hartuko (eztabaidan, ordea, bai).

08:32. Lege organikoa denez, gehiengo osoa beharko da onartu ahal izateko. Dena dela, hori ez da arazorik izango, PPk, PSOEk, UPyDk, UPNk eta Foro Asturiasek baiezkoa emango dutelako. Diputatuen % 80 baino gehiago, guztira.

08:30. Diputatuen Kongresuak Juan Carlos I.a Espainiako erregearen abdikazio legea eztabaidatu eta bozkatuko du gaur. Saioa 09:00etan hasiko da, eta eitb.com-ek streaming bidez ere eskainiko du.

Bideoak (2)

Informazio gehiago (1)