Itxi

26/11 auzia

Fiskaltzak ez du 40 gazte independentisten absoluzioa errekurrituko

Erredakzioa

Auzitegi Nazionalaren arabera, akusatuen ekintzak politikoak ziren, eta ez zuten inolako loturarik Segirekin.

40 gazte absolbituak, atzo eskainitako prentsaurrekoan. EiTB

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ez du helegiterik jarriko 40 gazte independentistak absolbitzeko erabakiaren aurka, iturri fiskalek jakinarazi dutenez. Legez kanpo utzitako Segi taldeko kide izatea leporatzen zieten gazteei, baina, Auzitegi Nazionalaren epaiaren arabera, akusatuen ekintzak politikoak ziren, eta ez zuten inolako loturarik Segirekin edo kale borrokarekin.

Fiskaltzaren aburuz, ez dago Zigor-Arloko Auzitegiko lehen sekzioak hartutako erabakia errekurritzeko heldulekurik; hori dela eta, ez du helegiterik jarriko, nahiz eta ez egon ehuneko ehunean ados epaiarekin.

Auzitegi Nazionalaren arabera, urritik otsailera bitartean epaitutako 40 gazteek egindakoak ekintza politikoak ziren, eta ez zuten inolako loturarik ez Segirekin, ezta kale borrokarekin ere.

Bi epaietan (36 gazte epaitu zituzten lehenengo, eta beste lau geroago), Auzitegiak adierazi du Gazte Independentistak plataformaren baitan jarduten zutela 40 gazteek, eta ez dago frogarik talde hura "ETAren menpe" zegoenik, ezta talde armatuak "haren estrategia eta ekintzen diseinua" burutzen zuenik ere. Segiren menpe zegoenik ere ez da frogatu.

Sententziak Ramon Saez Valcarcel epaileak azaldu zituen, Manuela Fernandez de Pradoren adostasunarekin eta Nicolas Poveda epailearen aurkako iritziarekin. Hori horrela, fiskalak gazteentzat eskatzen zuen sei urteko kartzela zigorra baztertu zuen auzitegiak.

Albisteak (2)