Profila
Madina, militanteei botoa emateko eskubidea eman zien hautagaia
Rubalcaba ordezkatzeko bere ahalmena erakutsi nahi du sozialistak, lehen borrokaldia irabazi ostean: "militante bat, boto bat".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ramon Rubial buruzagi historikoaren bustoaren aurrean, Eduardo Madina sozialistak Rubalcaba ordezkatzeko duen ahalmena erakutsi nahi izan du, militantei botoa emateko aukera eman ostean. "Militante bat, boto bat", hori zen lehen borrokaldia eta askok azaldu dute Susana Diaz Andaluziako presidentearen atzera pausua Madinagatik etorri dela. 38 urteko politikari bilbotarra Historia Garaikidean lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean.
PSOEren idazkari nagusi izan nahi du eta Espainiako Gobernuko presidentegai gero, Espainiak bere ustez behar duen "modernitate shockaren" buru izateko. 2011an zalantzak izan zituen eta bere inguruko askok aurrera egiteko eskatu zioten arren (baita Jose Luis Rodriguez Zapatero berak ere) ez zuen adorerik izan. Alfredo Perez Rubalcaba eta Carme Chacon bere hautagaitzetan sartzen saiatu ziren.
Orain, bere ordua heldu da. Horretarako lanean izan da azken aldian eta oratoria hobetu du. Talde bat sortu du eta sozialisten sinesgarritasuna hobetu nahi duen diskurtso bat berrabiarazi nahi du.
Naturaltasuna da bere ezaugarri nagusia eta bere laguntzaileen aburuz, hurbila eta gozoa da. Hotza eta isila ere bada, eta horrek bere aurka egin dezakeela onartu dute bere lantaldekoek. Urduria da eta geldiezina, azken aldian arinegi hitz egitearen joera hobetu du.
ETAko biktima da -hanka bat kendu behar izan zioten talde armatuak bere auto azpian lehergailu bat ipini ostean, 2002ko otsailean-: Madinak elkarrizketaren bidea defendatu du euskal gatazkari irtenbidea aurkitzeko.
Bere familian militante sozialistak dira eta Zapateroren seme kutuna da Madina. Publikoki zein pribatuki bere balioa goraipatu du presidente ohiak eta, diotenez, Estatu idazkaritza bat eskaini zion, baina euskal politikariak baztertu zuen.
Sestaoko Udaleko zinegotzia izan zen 1999tik 2001era. 2004an Espainia mailako politikara egin zuen salto, Bizkaitik diputatu aukeratu zutenetik. 2008an eta 2011an berriz aukeratu zuten.
Bere ingurukoen arabera, gogotsu dago, ahalmena du eta freskotasuna dario. PSOEgandik urrundu direnak berera ekarri nahi ditu Madinak, baina bere aurkariek uste dute erradikalegia dela eta erdigune politikotik aldenduko duela alderdia.