Koroatzea
24 herrialdetako ia mila kazetari akreditatu dituzte koroatzerako
Erredakzioa
Errege berriek Madrilgo kaleak auto estali baten igaro ditzaten nahi du Errege Etxeak, segurtasuna bermatzeko. Letiziaren senitartekoak koroatzean izango dira.
24 herrialde eta 140 hedabidetako ia mila kazetarik lortu dute akreditazioa Felipe VI.aren koroatzerako, Gobernuko iturrien arabera.
Espainiako Gobernuak Senatuko Jauregian prestatu du prentsa zentroa, eta 200 postu jarri dira beste hainbeste kazetarirentzat. Gainera, pantailak izango dituzte koroatze zeremonia jarraitzeko.
Asteazkenean, Senatua zabalik egongo da prentsarentzat, 08:00etatik 21:00etara, egun horretan Juan Carlosen abdikazioa izango baita Errege Jauregian. Ostegunean, 07:00etatik 19:00etara egongo da zabalik.
Hiru altuera ezberdinetan tarimak jarri dituzte Kongresu aurrean, Ekialdeko plazan eta errege berriek egingo duten ibilbideko beste zenbait puntutan, argazkiak ateratzeko nahiz telebistek zuzenekoak egiteko.
Ibilbidea, auto estalian
Errege Etxeak aurreikusi duenez, Felipe VI.a eta Letizia errege-erreginek Madrilgo Kongresuaren eta Errege Jauregiaren arteko bidea auto estalian egingo dute, segurtasun kontuengatik. Errege berriak desfile militar bateko buru izango dira Kongresuaren aurrean, eta ondoren, Errege Jauregira joango dira, bertan 2.000 pertsonatik gora hartzeko.
Letiziaren familia koroatzean izango da
Letizia erregina berriaren senitartekoak Kongresuan ospatuko den koroatze ekitaldian izango dira. Juan Carlos erregea ez da bertaratuko; haren ordez, Sofia erregina, Elena infanta eta Juan Carlosen arreba Pilar eta Margarita izango dira.
Zarzuelak nazio mailako ekitaldia ospatu nahi du, eta diplomaziako kideei igorri dizkie gonbidapenak.