Itxi

Ekitaldi guztiak

Honelakoa izango da Felipe VI.aren koroatzea, pausoz pauso

Erredakzioa

Ekitaldi nagusia, zin-egitearena, Diputatuen Kongresuan egingo dute. Ondoren, errege-erregina berriek ibilbidea egingo dute autoz Madrilen zehar, eta Errege Jauregira joango dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

9:30ean: Zarzuelako Jauregiko Audientzien Aretoan, Juan Carlos erregeak Kapitain Nagusiaren gerrikoa jarriko dio semeari. Felipe printzeak Lurreko Armadaren uniformea jantziko du.

10:30ean: Felipe, Letizia eta bi alabak Zarzuelako Jauregitik aterako dira Diputatuen Kongresura joateko. Bertan, Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak, Jesus Posada, Kongresukoak, eta Pio Garcia Escudero, Senatukoak, harrera egingo diete.

10:45ean: Kongresuaren barruan, zin-egitea eta aldarrikapena egingo dute, Konstituzioari jarraituta. Hala ere, eta Juan Carlosen koroatzean ez bezala, koroaren eta aginte-makilaren ondoan ez da gurutzerik izango.

Errege berriak zina egingo du diputatuen eta senatarien aurrean. Konstituzioko 61.1 artikuluari jarraituta, bere eginbeharrak zintzo bete, Konstituzioa eta legeak gorde eta gordarazi, eta herritarren eta erkidegoen eskubideak errespetatzea zin egingo du.

Zin-egitearen ondoren, Jesus Posada Kongresuko eta Gorteetako presidenteak hitzaldi laburra egingo du. Eta jarraian, Felipe VI.ak bere lehen hitzak esango ditu, Espainiako errege gisa. Hitzaldian bere erregetzaren ardatz nagusiak aipatzea espero da.

Ekitaldia amaitzean, errege-erreginek, Leonor Asturiaseko printzesak eta Sofia infantak desfile militar bat ikusiko dute.

11:30ean: errege-erreginak autoan joango dira Errege Jauregira, Madrileko kaleetan zehar ibilbide luzea eginda. Autoa astiro joango da, bidean zain dauden herritarrei agurtzeko aukera emateko.

13:00etan: harrera ofiziala, Tronuaren aretoan. Erregearen familia iristean, errege-erregina berriak eta Juan Carlos eta Sofia balkoi nagusira aterako dira, herritarrak agurtzeko.

Ondoren, agintariei eta Espainiako gizarteko ordezkariei egindako harrera hasiko da. Errege-erreginek banan-banan agurtuko dituzte 2.000 gonbidatuak. Apaindura gutxiko ekitaldia izatea aurreikusita dago, baina protokolo handikoa.

Segurtasun neurri handiak

Segurtasuna bermatzeko, Barne Ministerioak espazio gaineko mugak areagotuko ditu, alerta terrorista igoko du eta Madrileko sarreretan kontrolak egingo ditu.

Alerta terrorista 3. mailara igoko dutenez, Estatuko Segurtasun Indarretako erreserba eta unitate bereziak kalean izango dira.

Segurtasun arduradunek arreta berezia jarriko dute pertsona ugari biltzen diren lekuetan eta "oinarrizko egituretan".

Bandera eta protesta errepublikanoak

Bandera errepublikanoak erakustea ekidingo du Poliziak ostegun honetan, Felipe VI.a errege berriak tronua hartu ostean Madrilgo kaleetan zehar egingo duen desfilean zehar. Bestalde, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Sol eta Neptuno arteko martxa errepublikanoaren debekua.

Albisteak (5)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)