Itxi

Kronologia

Felipe VI.a: Printze izatetik errege izatera 18 egunetan

Erredakzioa

39 urtez errege izan den Juan Carlos I.ak abdikazioa iragarri ostean, ekainaren 2an hasitako prozesuan izan diren egun garrantzitsuak honako hauek izan dira.

Argazkia: Errege-Etxea.

Felipe VI.a Espainiako errege aldarrikatuko dute ostegun honetan, ekainaren 19an, Gorte Nagusien aurrean, Juan Carlos erregeak asteazken honetan abdikazio-legea sinatu ostean.

39 urtez errege izan den Juan Carlos I.ak abdikazioa iragarri ostean, ekainaren 2an hasitako prozesuan izan diren egun garrantzitsuak honako hauek izan dira:

- Astelehena, ekainak 2

Juan Carlos erregeak abdikazio-idatzia sinatu eta eman du, Mariano Rajoy Gobernuko presidentearen aurrean.

Gobernuko gainerako kideei jakinarazi ostean, Rajoyk 10:30ean prentsaurreko bat eman du, abdikazioari buruzko informazioaren berri ematen duen deklarazio instituzionala publiko egiteko.

Eguerdian, telebistaz emandako hitzaldi baten bitartez, erregeak herritarrei abdikazioaren berri eman die.

Arratsaldean, abdikazioaren iragarpenaren osteko lehenengo audientzian, erregeak, kazetari kopurua ikusita, honako hitzok esan dizkie: “Inoiz ez duzue nigatik horrenbesteko interesa erakutsi”.

- Asteartea, ekainak 3

Ezohiko Ministroen Kontseiluak abdikazioa eraginkorra egiteko Lege Organikoaren proiektua onartu du, idatziari buruz jakin ostean. Gorte Nagusietara pasatu da.

Gobernuak deklarazio instituzional bat onartu du erregearen abdikazioagatik. Bertan irakur daitekeenez, erregearen “lidergorik eta bultzadarik” gabe Trantsizioa “ez litzateke posible izango”.

Arratsaldean, Kongresuko Mahaiak abdikazioaren lege organikoaren proiektua izapidetzea onartu du, eta larrialdiko prozeduratik izapidetu ahal dezake.

-Asteazkena, ekainak 4

Asturiasko printzeak, Vianako Printze Sariak ematean, bere indar guztiak “espainiarrei eta Espainia maiteari zerbitzatzen jarraitzeko lan zoragarrira” zuzenduko duela “gogo biziz” esan du.

- Osteguna, ekainak 5

Felipe VI.a errege aldarrikatuko duten ekitaldiaren eguna ezagutzera eman da: Ekainaren 19a.

- Ostirala, ekainak 6

Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak esan du Gobernuak Juan Carlos forudun izatea erregulatuko duela, Gorteek onartu beharko duten lege organiko baten bitartez.

- Astelehena, ekainak 9

Kongresuko taldeek bost zuzenketa aurkeztu dizkie abdikazioaren lege organikoaren proiektuari. Testuek monarkiari buruzko erreferenduma eskatu dute.

Errege-erreginek ongietorria eman diote Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteari eta Angelica Rivera de Peña haren emazteari. Juan Carlos buru izango duen Espainiako Estatuko azken bisita.

- Asteazkena, ekainak 11

Kongresuko osoko bilkurak abdikazioaren lege organikoaren proiektua eztabaidatu du. 299 kidek alde bozkatu dute, 19k kontra, eta 23 abstentzio izan dira.

Behin bozketa amaituta, legea Senatura bidali dute.

- Asteartea, ekainak 17

Juan Carlos eta Sofiak azken ekitaldi ofizialean parte hartu dute. Bazkaria eskaini die exekutiboko, lege arloko eta botere judizialeko ordezkariei. Arratsaldean, Senatuak abdikazio-legea onartu du.

Ganberaren %90,3k eman dute aldeko botoa (233 senatari alde, 5 aurka eta 20 abstentzio).

- Asteazkena, ekainak 18

Erregeak abdikazio-legea sinatu du. Errege Jauregiko Zutabeen Aretoan egin dute ekitaldia, Estatuko ordezkari nagusien aurrean.

Espainiako Aldizkari Ofizialean gauerdian argitaratuko da legea. Une horretatik aurrera Felipe VI. izango da Espainiako erregea, eta, bere alaba, Leonor, Asturiasko printzesa.

 

 

 

Albisteak (7)

Informazio gehiago (2)