Felipe VI.aren proklamazioa
EH Bilduk ikurrina jarri du lehendakariaren Legebiltzarreko eserlekuan
Erredakzioa
Koalizio abertzalearen protesta ekintza bat izan da, Iñigo Urkullu Felipe VI.a Espainiako errege proklamatzeko ekitaldian izan delako.
Iñaki Lazarobaster EH Bilduren legebiltzarkideak ikurrina jarri du lehendakariak gaurko saioan hutsik utzi duen eserlekuan. Izan ere, Iñigo Urkullu Madrilera joan da, Felipe VI.a erregearen proklamazio ekitaldian parte hartzeko, eta koalizio abertzaleak erabaki horren kontra protesta egin nahi izan du.
Osoko bilkuran utzi du ikurrina Lazarobasterrek Urkulluren lekuan, baina hortik gutxira Legebiltzarreko langile batek kendu du.
Keinu horrekin, EH Bilduk lehendakariaren jarrera kritikatu nahi izan du, euskal herritarrak ordezkatzen dituen erakundean parte hartu beharrean Madrilera joan delako, Felipe VI.a Espainiako errege aldarrikatzeko ekitaldira.
Bestalde, koalizio abertzaleak kontzentrazioa egingo du eguerdian Legebiltzarraren parean, 'Herrien eskubideen alde. Gurea euskal errepublika askea' lelopean.