Itxi

Felipe VI.aren koroazioa

Froilanek arrakasta izan du sare sozialetan

Erredakzioa

Espainiako errege-erreginaren ilobarik zaharrenaren argazki batek zeresan handia eman du. Froilan Errege-Jauregiko leiho batean helduta dago, mugikorretik hitz egiten ari den bitartean.

Froilan mugikorrarekin, Errege-Jauregiko kortinen atzean. EFE

Felipe Juan Froilan Espainiako errege-erreginaren ilobarik zaharrenaren argazki bat arrakasta handia izaten ari da sare sozialetan, Felipe VI.a erregearen proklamazio egunean. Froilan Errege-Jauregiko leiho batean helduta dago, mugikorretik hitz egiten ari den bitartean.

Irudia Juan Carlos Cardenas Efe agentziako argazkilariak atera du, eta arrakasta handia izaten ari da Twitter sare sozialean. Elena infantaren semerik zaharrena egunaren hasieran ere protagonista izan da, Pau Gasol Los Angeles Lakers taldeko jokalariarekin batera eseri denean, Kongresuko hemizikloan.

Argazkian, Froilanek aurpegia eta besoa Errege-Jauregiko balkoi bateko leihoko kristalean sostengatuta ditu, telefono mugikorretik kezka keinu batekin hitz egiten duen bitartean. Besoarekin kortina mugitu du, Ekialdeko Plaza begiratzeko.

“Norekin arituko da hizketan Froilan?” galdegin dute sare sozialeko hainbat erabiltzailek. “Errege-Etxeko beste begirada”, “Froilan, berera” edota “Naturalena” hitzak dira sare sozialetan irakur daitezkeen batzuk. Argazkia atera duen erreportari grafikoari ere goraipamenak egin dizkiote.

Argazkilariak azaldu duenez, irudia Felipe VI.a erregea iritsi baino pare bat minutu lehenago atera da. Errege-erreginak agurtzera atera diren lekutik ezkerreko bi leihotara.

“Norbaitek leihoaren kortina ireki eta itxi du segituan, eta, ordutik, hori berriro pasatuko ote zenaren zain egon naiz; 20 minutu barru Froilan agertu da”, esan du erreportari grafikoak. “Onena da denbora luze bat eman duela hor, argazkiak ateraz eta mugikorretik hitz eginez, erdi aspertuta”, gaineratu du.

Cardenasek argazkia berehala bidaltzea erabaki du, eguneko garrantzitsuenetako bat izan ez arren, egun osoko lana agerian uzten zuelako.

 

Albisteak (5)

Informazio gehiago (1)