Barne-hauteskundeak
Madinaren taldeak 15.020 abal aurkeztu ditu Ferrazen
Erredakzioa
Barne-hauteskundeetara hautagai bezala ofizialki aurkezteko abalak lortu izana "ohore bat" dela adierazi du Eduardo Madinak.
Eduardo Madina PSOEko idazkari nagusia izateko hautagaitza kudeatzen duen taldeak 15.020 abal aurkeztu ditu alderdiaren egoitzan, Madrilen.
Imma Aguilar Madinaren kanpainako arduradunak azaldu duenez, berme gehiago helduko dira zuzendaritzak emandako epea bukatu baino lehen. Epea ostiral honetan amaitzen da, 00:00etan.
Heltzen ari den abalen kopurua "ezustean" harrapatu dituela azaldu du Aguilarrek Ferraz egoitza sozialistaren atean. Hala ere, lortu nahi duten kopuru "zehatza" ez du eman kanpainako arduradunak.
20.000
Madinaren hautagaitzako iturri batzuek adierazi dutenez, 20.000 bermeak gainditzea espero dute, baina helbururik finkatu ez dutela gaineratu dute.
Madinaren abalak sei kutxatan ekarri dituzte Imma Aguilarrek, Ignacio Sanchez Amor, Laura Seara eta Patricia Hernandez diputatuek eta Bernardino Leon Estatu idazkari ohiak.
Eduardo Madina. Artxiboko irudia: EFE
"Ohorea"
Barne-hauteskundeetara hautagai bezala ofizialki aurkezteko abalak lortu izana "ohore bat" dela adierazi du Madinak.
Hauteskunde primarioekin "1982tik alderdiak izan duen proiektu aldaketarik sakonena eta ausartena" aurrera aterako dutela goraipatu du hautagai sozialistak. Madinaren hitzetan, kongresua "historikoa, berezia eta ezberdina" izango da, boto zuzenarekin hautagaia aukeratuko dutelako.
Salamancako PSOEren egoitzari bisita egin dio Madinak. Probintziako militante eta jarraitzaile sozialistekin bildu da hautagaia.
Bermeak lortzeko "militante askok egindako esfortzu handia" eskertu du Madinak bilera hasi baino lehen. Bestalde, hautagaitza aurkeztea erabakitzeko "denbora behar" izan zuela onartu du Madinak, "Alderdi Sozialista indartsu bat" zuzentzeko "kapaz" izango zela pentsatu behar zuelako. PSOEk "proiektu politiko ausarta, sendoa, serioa, sinesgarria eta berria" behar duela azpimarratu du hautagaiak.