Krisia PSOE-n
Sanchez, Madina eta Tapias, PSOEren idazkaritzarako hautagaiak
Erredakzioa
Pedro Sanchezek 41.339 boto jaso ditu, Madinak 25.238 eta Perez Tapiasek 9.912. Orain, helegiteak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea zabaldu da, eta asteazkenean hautagai izendatuko dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pedro Sanchez, Eduardo Madina eta Jose Antonio Perez Tapias izango dira PSOEren idazkari nagusi izateko hautagai ofizialak, 41.338, 25.238 eta 9.912 boto jasota, hurrenez hurren, guztiek gutxienez jaso beharreko 9.874 bozak (militanteen % 5) jasota.
50 bat pertsonak lan egin dute gau osoan Ferrazen, sinaduren zenbaketa egiteko eta eskaner bidez egiaztatzeko, hautagaien ordezkariekin batera.
Bermeen Batzorde Federalak igorritako ohar baten arabera, gaur jakinarazi diete hautagaien ordezkariei, hautagai bakoitzak jasotako babesen zerrenda eta, bi boto sartzeagatik edo hautesleriaren zerrendan ez agertzeagatik, baliogabetutako bozen zerrenda.
Pedro Sanchez, 42 urtekoa, Ekonomian eta Enpresan doktore, diputatu eta irakasle da unibertsitatean. Hautagai bozkatuena izateaz gain, ia bikoiztu du Madinak jasotako boz kopurua. Madina, 38 urtekoa, Historia Garaikidean lizentziaduna da, eta Nazioarteko Harremanen eta Giza Baliabideen inguruko master bat egin zuen; egun, PSOEk Kongresuan duen idazkari nagusia da.
Jose Antonio Perez Tapias, hirugarren hautagaia, Sevillan jaio baina Granadan bizi da. 59 urte ditu, eta Granadako Unibertsitateko Filosofia Fakultateko dekanoa da, eta irakasle. 2006-2011 urteetan, diputatu izan zen Kongresuan, baina 2011n uko egin zion hautagai-zerrendatan agertzeari.
Orain, helegiteak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea zabaldu da, eta asteazkenean, ekainaren 2an, behin betiko hautagai izendatuko dituzte.
Hurrengo egunean, uztailaren 3an, hautagaiek kanpaina ofiziala abiaraziko dute, 12ra arte, eta 13an militanteek (187.468) buruzagi berria aukeratuko dute bozketa batean.