Itxi

Dokumentazioa

PSOEren berrikuntza prozesuaren egutegia

G. Palacios | eitb.com

Uztailaren 13an izango da militante sozialistei zuzendutako galdeketa, eta PSOEren Ezohiko Kongresua uztailaren 26rako eta 27rako deitu dute.

Pedro Sanchez, Eduardo Madina eta Jose Antonio Perez Tapias hautagaiak. Argazkia: EFE

Europako Hauteskundeetan jasotako porrotaren ostean PSOEk abiatutako berrikuntza prozesuak aurrera jarraitzen du eta dagoeneko baieztatu dira Alfredo Perez  Rubalcaba ordezkatzeko hautagaiak: Pedro Sanchez, Eduardo Madina eta Jose Antonio Perez Tapias.

Madinak hautagai bakoitzak lurraldez lurralde lortutako botoak publiko egitea eskatu zuen, eta Sanchezek eta Tapiasek bat egin zuten eskaera horrekin. Bada, PSOEren Bermerako Batzordeak aipatu datuak ezagutarazi ditu eta emaitzak argigarriak dira.

Pedro Sanchezek Estatuko 12 autonomia erkidegotan irabazi du; guztira, 41.338 boto eskuratu ditu, gehienak Andaluzian. Eduardo Madinak bost autonomiatan gailendu da eta guztira 25.238 boto lortu ditu, baina, espero ez bezala, euskal autonomia erkidegoan galdu egin du, Sanchezen mesedetan.

Jose Antonio Perez Tapiasek, berriz, 9.912 boto erdietsi ditu.

Erkidegoz erkidego, Andaluziak Pedro Sanchez eta Kataluniak Eduardo Madina babestu dituztela esan daiteke.

EAEn, baina, ezustekoa izan da: Sanchezek 1.088 boto eskuratu ditu eta Madinak 934.  Gipuzkoan, Sanchezek (714) irabazi dio Madinari (143). Bizkaian, 655 boto lortu ditu Madinak eta 260 Sanchezek; eta Araban, 136 eta 114, hurrenez hurren.

Bestalde, PSOEren Bermerako Batzordeak emandako datuen arabera, Madinak eta Tapiasek 17na boto eskuratu dituzte Estatutik kanpo; Sanchezek, ostera, 14.

Gazte Sozialistek, berriz, Sanchez 785 botorekin babestu dute; Madina 599ekin; eta Tapias 263rekin.

Prozesuaren egutegia

Beharrezkoak ziren botoak lortuta, Pedro Sanchez, Eduardo Madina eta Jose Antonio Perez Tapias PSOEren idazkari nagusi izateko behin-behineko hautagaiak dira.

Hautagaitzak zehaztuta, balizko helegiteak edo zuzenketak aurkezteko epea irekita dago. Uztailaren 2an aipatu hautagaitzak behin betikoak izango dira, dena ondo bidean.

Kanpaina uztailaren 3an hasiko da eta 12an amaitu.

Uztailaren 13an egingo dute Alfredo Perez Rubalcabaren ordezkoa aukeratzeko galdeketa 197.468 militante sozialisten artean. Erabakia ez da loteslea izango, baina afiliatuek erabakitzen dutena delegatuek berretsi egingo dutela ziurtzat ematen da.

Uztailaren 19an galdeketaren behin betiko emaitzak publiko egingo dituzte, eta Lurralde Kongresuak bilera egingo du PSOEren Ezohiko Kongresu Federalean parte hartuko duten ordezkariak aukeratzeko.

Militantziaren nahia ezagututa, uztailaren 26an eta 27an egingo dute PSOEren Ezohiko Kongresu Federala.

Informazio gehiago (1)