Itxi

Europako Parlamentua

Pablo Iglesias: 'Europako demokrazia bahitu egin dute'

Erredakzioa

Ahal Duguren eurodiputatu eta Europako Ezkerreko Batasunaren hautagaiak "troikaren ondorioak ezagutzen dituztenen" botoa eskatu du.

Pablo Iglesias Europako Parlamentuan. Argazkia: EiTB

Pablo Iglesias Ahal Duguren eurodiputatu eta Europako Ezkerreko Batasunaren (GUE/NGL) Europako Parlamentuko Presidentetzarako hautagaiak Europar Batasuneko "hegoaldeko eta ekialdeko" kideen botoa eskatu du, Martin Schulz berriro presidente izendatu duten saioan.

Iglesias "troikaren ondorioak ezagutzen dituzten" eurodiputatuei zuzendu zaie Europako Parlamentuan emandako hitzaldian.

Eurodiputatu espainiarrak "herrien ongizatearekin konprometitzeko" eskatu die herstura politika handienak ezarri dituzten herrialdeetako kideei, "herritarrei aurpegira begiratu" ahal izateko.

Ahal Duguren buruak esan du Europan "demokrazia bahitu" dutela, "finantza agintarien" esku dagoela eta Europa hegoaldeko eta ekialdeko herrialdeak horien "protektoratu" modukoak direla.

Iglesiasek ardura politikoz jokatzeko eskatu die eurodiputatu guztiei, ez dezatela kargua "urrezko erretiro" gisa erabili.

GUE/NGLren hautagaiak Bigarren Mundu Gerran faxismoari aurre egin zioten herritarrei erreferentzia eginez hasi du hitzaldia, eta azpimarratu du gaur egun krisiaren kontrako protestetan kalera atera direnak direla "Europaren bihotza eta duintasuna".