Itxi

Polemika

Presoek birgizarteratzeko pausorik eman ez dutela esan du Erkorekak

Erredakzioa

Adierazpen "zitalak eta onartezinak" direla uste du EH Bilduk. Sorturen hitzetan, EAJk "praktikan PPren politikei babesa ematen die".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Orain arte EPPK kolektiboko preso "bakar batek ere ez banakako gizarteratzearen bidea" aukeratu ez duela errepikatu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Horregatik, presoak birgizarteratzea lortzeko "lanean" ez daudela esan du Erkoreka, "beste estrategia batzuetan" baizik. Bozeramailearen hitzetan, "aske birgizarteratzea eragozten" die ETAk presoei.

Espetxe politikarekiko Gobernu zentralaren jarrera "berriz ere aztertzea beharrezkoa" ez dela azaldu du Erkorekak Gobernu Kontseiluaren ostean. "Hainbat aldiz esan dute, oso argi eta bozeramaile ezberdinek, errepikatzea beharrezkoa ez dela uste dut", adierazi du Jaurlaritzako bozeramaileak.

ETAko presoen jarrera kritikatu du berriro Erkorekak. EPPkko presoek "banakako gizarteratzearen bidea ez dute aukeratu, ezta espetxe politikak ematen dituen kartzela-baimenak baliatu ere", errepikatu du bozeramaileak. "Gertatutakoaren egia hori da", erantsi du.

Auzitegi Nazionaleko espetxe-zaintzako epaileak "ez du eskaerarik jaso", Erkorekak azaldu duenez. Asier Arronategiren kasua gogorarazi du Jaurlaritzako bozeramaileak; izan ere, presoa notario baten aurren damututa agertu zen, ETA alde batera utzi zuen eta biktimei barkamena eskatu zien. "Beste preso askok jarrai dezaketen eredua da", goraipatu du Erkorekak.

Arzuaga: "Erkoreka gezurretan ari da"

Erkoreka gezurretan ari dela salatu du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. ETAko presoak Euskadiko eta Nafarroako kartzeletara eramatea eskatzen ari dira, Arzuagaren ahotan.

Arzuagak Erkorekari erantzun dio agiri batean. Adierazpen "zitalak eta onartezinak" direla uste du EH Bilduk; izan ere, presoak "egoeraren arduradun eta errudun egiten dituzte".

"Erkoreka gezurretan ari da eta badaki, presoak legeak aitortzen dizkieten eskubideak errespetatzeko eskakizun indibidualak egiten ari direlako, Euskal Herrira ekartzea eta, baldintzak ematen diren kasuetan, aske uztea", ziurtatu du Arzuagak.

"EAJk erabaki bat hartu du, Espainiako Gobernuaren espetxe estrategiaren defentsan PPrekin bat egitea erabaki du, alegia", kritikatu du legebiltzarkideak.

Sortu: "EAJk PPren politikak babesten ditu"

Bestalde, EAJk presoekiko duen "jarrera inboluzionista" salatu du Sortuk. Jeltzaleek "praktikan PPren politikei babesa" ematen dietela esan du Sortuk. EAJk "sakabanaketa babesten" duela gaineratu du.

Ezker abertzaleko alderdiak Erkorekaren adierazpenak kritikatu ditu agiri batean. "Zoritxarrez, espetxeetako egoera ez da batere aldatu hilabete guzti hauetan", salatu du Sortuk. "Indarrean dagoen espetxe politikak ez du justifikazio legalik, ezta politikorik", erantsi du.

Albisteak (3)

Bideoak (2)