''Kaosa'' salatu dute
ErNEk greba mugagabea dei lezake Ertzaintzan
Erredakzioa
Estrasburgoko Auzitegiak ertzainei greba egiteko eskubidea aitortzen badie, lanuzte mugagabea egingo dutela aurreratu du sindikatuak.
ErNE sindikatuak greba mugagabea deituko du Ertzaintzan Estrasburgoko Auzitegiak ertzainei greba egiteko eskubidea aitortzen badie, Roberto Seijo zentral horretako idazkari nagusiak aurreratu duenez.
Sindikatuak salaketa jarri du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian, eta baliteke epaia aurtengo bigarren seihilekoan ezagutzea.
Seijok azaldu duenez, ErNEk bi greba-egun deitu zituen 2004. urtean, baina auzitegiek baliogabe utzi zituzten, 1986. urteko lege organiko batek greba egitea debekatzen baitie Estatuko Segurtasun Indarrei.
"Greba egitea eskubide konstituzionala da, eta poliziok ere izan behar dugu", aldarrikatuz, ErNEk auzitara jo zuen grebarako eskubidea aitortzea eskatzeko: lehenengo, EAEko auzitegietara; gero, Auzitegi Gorenera eta Konstituzionalera; eta azkenik, Estrasburgora.
Horren ildotik, Europako Auzitegiak eskubidea aitortzen badie, berehala greba mugagabea deituko dutela jakinarazi dio ErNEk Eusko Jaurlaritzari.
Bestalde, sindikatuak elkarretaratzea deitu du uztailaren 18rako, ertzain-etxe guztietan, eta abuztuaren 30erako, BECen aurrean, bertan Munduko Saskibaloi Txapelketako partida jokatuko baitute AEBk eta Finlandiak.
Mobilizazio horiekin, Eusko Jaurlaritzaren planak Ertzaintzan "kaos larria" eragin duela salatu nahi dute.