Idazkaritza nagusia
PSOEren militanteen % 65,84k eman dute botoa
Erredakzioa
Gipuzkoan hamarretik ia zazpik eman dute botoa, Nafarroan % 73,48k, Bizkaian % 65,39k, eta Araban, berriz, % 64,65k.
Your browser doesn’t support HTML5 video
PSOEren idazkari nagusi berria aukeratzeko bozketan militanteen % 65,84k eman dute bozka, alderdiaren webgunean argitaratutako datuen arabera.
Euskadin, parte hartzea % 65,84koa izan da eta Nafarroan, berriz, % 73,48koa. EAEko datuak kontuan hartuta, Gipuzkoan izan da parte hartzerik handiena (% 76,57), Bizkaiaren (% 65,39) eta Arabaren (% 64,65) aurretik.
Atzo bukatuko zen PSOEren idazkari nagusi izateko hautagaien kanpaina, hilabeteren ondoren, eta denbora-tarte horretan hiru hautagaiek alderdiaren itxura aldatzeko ahaleginak egin dituzte.
Madinak Bilbon bozkatu du
Eduardo Madinak Deustun eman du botoa. Parte-hartze altua izango dela ziur agertu da eta, adierazi duenez, alderdia "gardentasun ariketa batekin zabaldu da" eta "azken hauteskunde europarretan eta ondorengo egunetan galdutakoa" berreskuratuko du.
Madinak, galderarik gabeko adierazpen labur batean, Bilbon bozkatzea ohorea dela esan du "nire hirian, 17 urterekin hasi nintzen taldearen egoitzan". "Dena hasi zen lekuan bozkatu nahi izan dut", gaineratu du. Halaber, Idazkaritza Nagusirako hautagaiei eta, "bereziki, PSOEri", zortea opa die.
Parte hartzeko deia luzatu eta gero Madinak nabarmendu duenez, "135 urteetan lehen aldiz -militanteek- idazkari nagusia aukeratu ahal izango dute zuzenean", eta bozarekin "ametsak, ilusioak eta ideiak" sartzea eskatu die.
"Une erabakigarriak"
Perez Tapiasek 11:00etan eman du botoa, Teresa Jimenez Granadako PSOEko idazkari nagusiarekin batera, eta ziur agertu da parte-hartze handia izango dela.
"Parte-hartze handia izango da, eta militanteen ehuneko handi bat hautestontzietara hurbilduko dira, motibazio handiko militantzia da, askotan gogoa berotuta, jakin badakitelako une erabakigarriak direla", azpimarratu du Perez Tapiasek.
Halaber, prozesuagatik "pozik" azaldu da eta gainerako militanteei bozkatzera joateko deia egin die, "parte hartuz eta mugarri historikoa ezarriko duten egunotan protagonista izanez", PSOEk "bultzada berri bat jaso" behar duen honetan.
"Egun historikoa"
Pedro Sanchezek "egun historiko" honetan parte hartzeko deia luzatu die gainerako militanteei, buruzagi berria aukeratuko baitute, eta "ziur" agertu da "hautestontzien ahots garbi eta indartsuak PSOEren aldaketaren, batasunaren eta indarraren" alde egingo duela.
Gaurko bi bozak eman ostean -bat idazkari nagusia aukeratzeko eta bestea Kongresu Federalean izango diren ordezkariak aukeratzeko- Sanchez atarira abiatu da, non kazetari andana esperoan zegoen.
Sanchezek eskerrak eman ditu bere taldeak egindako lana eta ahaleginengatik, eta eskaera bat egin die gainerako alderdikideei: "Bozkatzera joan daitezela, egun garrantzitsua da, historikoa, PSOErentzat eta Espainiarentzat; hortaz, militante bat ere ez da etxean geratu behar. Bozkatzera joan behar dugu, gure eskubidea da, eta PSOEk behar duen aldaketaren protagonista izan behar dugu, aldaketa da, prozesu honetatik indartsuago irteteko", esan du.
Hiru hautagaien kanpaina
Kanpainak iraun duen hilabetean, hiru unek piztu dute polemika: babesen lehiak, hautagaien debateak eta "joko zikina"ren salaketak.
Kanpainan, Pedro Sanchez, Eduardo Madina eta Jose Antonio Perez Tapias hiru hautagaiek ez dute etenik izan, hautagaitzek ahalik eta babes gehien jaso zezaten, hasieran, eta ondoren "historikotzat" jo duten prozesu honen amaieran ahalik eta boto gehien batzeko.
Babesak
Babesak biltzeko kanpaina bukatu ondoren, Sanchezek 41.338 babes lortu zituen, Madinak 25.238 eta Perez Tapiasek 9.912. Madinak, une horretan, botoak lurraldeka sailkatzea eskatu zuen.
PSOEren Zuzendaritzak onartu zuen Madinak egindako eskera, eta datuetan ikusi zuten Sanchezek Madinak baino bost bider boto gehiago jaso zuela Andaluzian. Madina, ordea, hautagai bozkatuena izan zen Asturiasen, Extremaduran, Kantabrian, Katalunian, Murtzian eta Melillan.
Debatea
Aurreko astelehenean esperotako debatea egin zuten hirurek Ferrazen, PSOEren egoitza nagusian, Madrilen. Hirurek debate "garbia" egin zuten, baina Madina eta Sanchezen arteko "feeling" eza agerikoa izan zen eta biek gogor jardun zuten aurkariarekin zenbait gaietan, esaterako, Kataluniako aferarekin, Kongresuko zuzeneko bozketa, alderdiaren ezagutza eta norberaren jatorria.
Debatearen ondorengo ajeak egun batzuk iraun zituen, eta ostegunean plazaratutako albiste batek kanpainaren azken egunak ilundu ditu: El Confidencial hedabideak jakinarazi zuen Pedro Sanchez Caja Madrilen egondakoa dela.
Madrilgo diputatuak, hori ikusita, hedabideak deitu zituen Kongresuan eta baieztatu egin zuen Caja Madrilen izan zela baina, Sanchezen hitzetan, Madrileko zinegotzi zelako. Sanchezek baieztatu zuen ez zuela "zer ezkutatzerik" eta banku horren kudeaketarekin ez duela "zerikusirik".