Itxi

Barne-hauteskundeak

Data zehazteko, batzorde federalaren autonomia defendatu du Sanchezek

Erredakzioa

"Egutegi berria batzorde federalak erabaki behar du", esan du PSOEko idazkari nagusi berriak, eta "barne-hauteskundeak bai ala bai egingo dira", gaineratu du.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi berria. Argazkia: EFE

Gobernuko presidentea aukeratzeko barne-hauteskundeen data zehazteko, "zuzendaritza berriaren, idazkari nagusi berriaren eta batzorde federalaren autonomia" defendatu du gaur Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi berriak.

"Azaroa proposatu behar nuen, baina zuzendaritza berriaren, idazkari nagusi berriaren eta batzorde federalaren autonomia defendatzen dut agenda markatzeko", esan du. "Konplexutasun handiko gertakari politikoz eta Espainiarentzako erronka garrantzitsu ugariz" beterik egongo da udazkena, eta "alderdi sozialista buru-belarri lanean jarri behar da", erantsi du.

Barne-hauteskundeak egiteko azaroa proposatuko duela berretsi du Sanchezek, baina "egutegi berria batzorde federalak eta lurralde guztiek zehaztu beharko dute, zuzendaritza berriarekin batera". "Barne-hauteskundeak bai ala bai egingo dira", gaineratu du PSOEko buruzagi berriak.

Eduardo Madinari eta Jose Antonio Perez Tapiasi gaur deituko diela azaldu du PSOEko idazkari nagusi berriak. "Hitzordua finkatuko dugu", adierazi du. Alderdiko zuzendaritza berrian izango duten "parte-hartzea eta integrazioa" eztabaidatu behar dutela gaineratu du.

Batasuna

Batasunaren idazkari nagusia izango dela nabarmendu du. Madina eta Perez Tapias aurkariak "alderdi sozialista sendo eta indartsu bat" egiteko oso kontuan izango dituela azpimarratu du. "Espainiako gizarteari min handia egiten ari zaion eskuinaren alternatiba izan behar dugu", erantsi du.

Ahal Dugu alderdira joan zaizkion botoak berreskuratzen saiatuko dela gaineratu du Sanchezek. "Alderdi mota horietan konfiantza dutenen itxaropena urratu dezaketen ezinezko programak ezin ditut partekatu", esan du Sanchezek.

Tapias

Barne-hauteskundeak azaroan egiteko konpromisoa "premiaz betetzeko" eskatu du Jose Antonio Perez Tapiasek. "Aurreikusitako forma eta data" errespetatzea eskatu du.

Militantziaren "eskakizuna eta itxaropena asetzeko" eskatu dio Sanchezi Perez Tapiasek.

Albisteak (3)