Itxi

Adierazpen polemikoak

Laguntza sozialetatik bizitzea egotzi die Marotok magrebtarrei

Erredakzioa

Gasteizko Udaleko oposizioko taldeek 'xenofobotzat' jo dituzte alkatearen adierazpenak, eta immigranteak hauteskunde helburuak lortzeko ez erabiltzea eskatu diote.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Laguntza sozialetatik bizitzea egotzi die Javier Maroto Gasteizko alkateak magrebtarrei. Marotok atzo egin zituen adierazpen polemiko horiek hautsak harrotu dituzte, eta gaur Gasteizko Udaleko oposizioko taldeak mozio bateratu bat adostu dute. Hala, "xenofobotzat" jo dituzte alkatearen adierazpenak eta immigranteak hauteskunde helburuak lortzeko ez erabiltzea eskatu diote.

Gasteizko Udaleko oposizioko hiru taldeek (EAJ, PSE-EE eta EH Bildu) Arabako SOS Arrazakeria eta Ongi Etorri elkarteek aurkeztutako mozioa onartu dute. Horren arabera, "immigrazioaren gaia eta hortik eratorritako arazoak" hauteskunde helburuak lortzeko ez erabiltzeko konpromisoa hartu dute. Halaber, kausa horrekiko konpromiso etikoa erakusten duen dokumentua sinatzea eta herritar guztien gizarteratzea bultzatzea adostu dute, horien jatorria edozein izanda ere.

Oposizioko taldeek "xenofobotzat" eta "arriskutsutzat" jo dituzte Marotoren adierazpenak.

PP: Immigranteek, populazioaren % 5a baino gutxiago izanik, laguntzen % 30a baino gehiago jasotzen dituzte

Anton Damborenea PPren Bizkaiko presidenteak salatu duenez, "immigranteak EAEko populazioaren % 5a baino gutxiago badira ere, laguntzen % 30a baino gehiago jasotzen dute".

Hala, alor horretan dauden ustelkeria kasuak "mozteko" eta "salatzeko" deia egin du Damboreneak Herri Irratiari eskainitako elkarrizketan. Horren esanetan, "gauzak orokortzea ez da bidezkoa, izan ere, beti daude salbuespenak".

"Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta benetan behar dutenei bideratu behar zaie eta ez iruzurgileei. Urtebetez laguntza jaso duen talibanaren eta haren lagunaren kasua ezagutu dugu eta ez da ezer gertatu. Horrelako kasuak ezin dira errepikatu eta Eusko Jaurlaritzaren diskurtsoa ere ez da zuzena, immigranteei ez zaiela diskriminazio positiborik egiten esaten duenean".

Bideoak (1)