Itxi

Zuzendaritza berria

Eduardo Madinak uko egin dio Pedro Sanchezen zuzendaritzan sartzeari

Erredakzioa

PSOEko idazkari nagusia Madina eta Perez Tapiasekin bildu da gaur. Diputatu bizkaitarrak alderdiari bere aulkitik lan eginda lagunduko diola adierazi du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eduardo Madina diputatu sozialistak uko egin dio gaur Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi berriaren gobernu federalean sartzeari, eta alderdiari bere aulkitik lan eginez lagunduko diola adierazi du.

"Nire denbora Kongresuan lan egiten eta PSOE nire aulkitik laguntzen igaroko dut", azaldu du Madinak Sanchezekin izandako bileraren ostean.

Dena dela, Sanchezen hautagaitzaren alde lan egin duen taldeko kideei "ordezkaritza nabarmena" eskaintzeko eskatu dio Madinak idazkari nagusiari, "asko balio duen jendea" dela esanez.

"Hiru hautagaitzetan asko balio duen jendeak egin duela lan adierazi diot, eta haiek alderdian ordezkaritza nabarmena izatea PSOErentzat ona izango dela esan diot", azaldu du Madinak, baina ez dio inoren izenik aipatu.

Gobernuko presidentetzarako hautagaia aukeratzeko primarioen inguruan, azaroan izan daitezela defendatu du beste behin Madinak, egutegia "baliozkoa" dela uste baitu.

"Kanpainan nire jarrera horixe izan zen, eta mantendu egingo dut, nire ustez egokia baita", azpimarratu du, eta primarioetara ez dela aurkeztuko berretsi du.

Alderdiko agintari gehienak primarioak 2015eko maiatzeko udal-hauteskundeak eta gero ospatzearen alde agertu dira, baina Madinak Sanchezi adierazi dionez, "egokia izango litzateke alderdiak adostu dituen akordioak mantentzea".

Perez Tapias, adostasunerako bidean

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin "adostasunerako bideak" ikusten dituela ziurtatu du gaur Jose Antonio Perez Tapias Ezker Sozialistako ordezkariak. Ondorioz, alderdiaren zuzendaritza berria osatzeko aukera dagoela uste du Tapiasek, baina bere taldearekin hitz egin behar duela erantsi du.

Perez Tapias Sanchezekin bildu da Diputatuen Kongresuan. PSOEko idazkari nagusiak integrazioa lortzeko egin dion eskaintza eskertu dio Tapiasek.

Jean Claude Juncker

Bestalde, euren "ezinegona" militanteei azaltzeko eskatu die Sanchezek Jean Claude Juncker (Europako Batzordeko presidentea) hautagai kontserbadorearen aurkako botoa emateko erabakiarekin "eroso" sentitu ez diren sozialistei.

Sanchez Candido Mendez UGTko idazkariarekin bildu da UGTko egoitzan eta bertan egin ditu adierazpenok. Hautagai kontserbadoreak "krisiaren urte gogorretan" murrizketak defendatu zituelako aurkako botoa ematea erabaki zuela azaldu du PSOEko idazkari nagusiak. Junckerrek EBko politikan "ez du aldaketarik ordezkatzen", gogorarazi du.

Albisteak (4)

Bideoak (1)