San Inazio bigarrena
Urkullu: 'Oraindik ez dakit Rajoyrekin batzartuko naizen ala ez'
Erredakzioa
San Inazio eguna dela eta Azpeitian (Gipuzkoa) egindako ekitaldian egin ditu adierazpenak Urkulluk.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Espetxe politikak izan behar duen helburu nagusia "birgizarteratzea" dela eta espetxe politika aldatzearekin batera ETAren "erabateko desarmea" eta egindako kaltearen onarpena eman behar direla azpimarratu du Iñigo Urkullu lehendakariak.
Horren harian, Ibon Etxezarreta ETAko preso ohiak asteartean egindako "keinu eredugarria" goraipatu du lehendakariak. Juan Maria Jauregui Gipuzkoako gobernadore ohiari egindako omenaldian izan zen, egindako "kaltea" onartzeko.
San Inazio eguna dela eta Azpeitian (Gipuzkoa) egindako ekitaldian egin ditu adierazpenak Urkulluk. Azpeitian, San Inazioko mezan izan da Urkullu, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiarekin, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentearekin eta Eneko Etxebarria alkatearekin batera.
Ekitaldi horretan, alderdi politikoek zoru etiko baten oinarriak jartzen ari direla azaldu du, indarkeriaren "amaiera ordenatua" lortu ahal izateko. Aurreneko pausoa, Urkulluren hitzetan, "ETAren desarme egiaztagarri eta osoa" izan behar du eta, ondoren, bai ETAk eta baita ezker abertzaleak ere "egindako kaltea onartu beharko lukete". "Ezker abertzaleak indarkeria erabiltzea justifikatu du urteetan zehar", adierazi du.
Horrekin batera, bide paralelo batean, espetxe politika aldatzeko pausoak eman behar direla berretsi du eta, bide horretan, birgizarteratzeak helburu nagusia izan behar duela esan du.
Bilera Rajoyrekin
Bestalde, lehendakariak adierazi du oraindik ez dakiela Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin bilduko den ala ez, baina esan du garrantzitsuena ez dela bilera "15 egun lehenago edo bost egun beranduago" egitea, baizik eta bilera bera egitea eta autogobernuaz, bakegintza eta elkarbizitzaz eta egoera ekonomikoaz hitz egitea. "Egia esan ez dakit bilerarik izango den ala ez. Gaur gaurkoz, ez daukat nik bidali nion agiria jaso izanaren adierazpenik", adierazi du.
Edonola ere, Urkullurentzat, garrantzitsuena ez da bilera hori "15 egun lehenago edo bost egun beranduago" egitea, baizik eta biltzea eta orain arte planteatu dituen gaiak jorratzea, hala nola susperraldi ekonomikoa eta enpleguaren sorrera, bakegintza eta bizikidetza, eta euskal herritarren "egunerokotasunean" eragina duten gaiak, autogobernuaren garapena bezalakoa.
Urkullu eta Garitano, Azpeitian. Argazkia: EFE.
Katalunia
Bestalde, Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiaren egoeraz ere mintzatua Urkullu. "Gardentasunari eta kultura demokratikoari" emandako "kolpe gogorra" izan dela nabarmendu du, baina Kataluniako prozesuarengan eraginik ez izatea espero du lehendakariak.
Artur Mas eta Rajoy bildu ziren egunean Kataluniako presidentearekin hitz egin zuela azpimarratu du Urkulluk. Hala ere, bilera eta gero ez duela Masekin hitz egin zehaztu du.