Txosten politikoa
EH Bildu barruan siglak gainditzeko apustua egingo du Aralarrek
Erredakzioa
Patxi Zabaletak adierazi du beharrezkoa dela EH Bilduren estrukturak "bateratzea", "subiranotasunaren aldeko ezkertiarren fronte irekia" eskaintzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak adierazi du EH Bildu "siglak gainditzeko" eta estrukturak "bateratzeko" gauza izatea espero duela, "subiranotasunaren aldeko ezkertiarren fronte irekia" eskaintzeko.
Dani Maeztu koordinatzaileordearekin eta Rebeka Ubera antolakuntza idazkariarekin batera izan da Zabaleta Aralarren VI. Kongresua aurkezten. Azaroaren 8tik 15era egingo dute, eta Zabaletaren kargua hartuko duen pertsona aukeratuko dute, iragan abuztuan iragarri baitzuen ez zuela karguan jarraituko.
Aralarreko bozeramaileek adierazi dute oraindik ez dagoela izenik Zabaletaren lekua hartzeko. Ez Uberak ez Maeztuk ez dute jakinarazi euren burua aurkeztuko duten, eta "bi militante gehiago" baino ez direla adierazi dute. Maeztuk aurreratu du koordinatzaileordearen kargua desagertu egingo dela eta koordinatzaile bakarra izango dela, antolakuntza idazkari batekin batera.
Kongresuan eztabaidatuko duten txosten politikoan zehazten denez, EH Bildu koalizioko "siglak gainditzeko ordua" da, eta Aralarrek alderdien ienteresez gaindiko ekarpena egingo duela adierazi du, gizarteari "subiranotasunaren aldeko ezkertiarren fronte irekia" eskaintzeko.
Zabaletari horren inguruan galdetu diotenean, adierazi du Aralarrek beti egin duela ezker abertzale "zibil eta plural" baten alde, baina "gutxieneko berdintsu batzuekin", eta bide horretan "siglak gainditzeko pausoak" emango dituztela. EH Bildu "estrategikoa" eta "iraunkorra" dela gaineratu du, baina "politika modu demokratikoan gauzatzeko, estruktura bateratuak sortu eta alderdi bakoitzaren interesak gainditu" behar dituela azpimarratu du.