Diada
Kontsulta deitzeko konpromiso "irmoa" duela azpimarratu du Masek
Erredakzioa
Ostegun honetako mobilizazioetan herriak "demokrazia eta askatasuna ulertzeko bide kataluniarra zein den" erakutsiko duela aurreratu du Artur Masek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Azaroaren 9ko kontsulta deitzeko konpromisoa "irmoa" dela azpimarratu du gaur Artur Mas Kataluniako presidenteak Diadaren bezperan. Galdeketa eragoztea "akatsa" izango litzatekeela uste du Masek.
Fossar de les Moreres plazan lore-eskaintza batean parte hartu eta gero, Masek mezua igorri du Generalitateko komunikabideen bitartez.
Bartzelona hiriko Ciutat Vella barrutiko plaza sinbolikoak 1714ko setioan hiria defendatu zutenak omentzen ditu. PSCk, PPCk eta Ciutadansek ez dute ekitaldian parte hartu.
Azaroaren 9an kontsulta egitearen aldeko apustua berretsi du Masek, eta Generalitateak ohiko ospakizuna aldatzea erabaki du. Bartzelonako Ciutadellan egiten zen ekitaldi irekia plaza horretako ospakizunarekin ordezkatu dute agintariek.
Ostegun honetako mobilizazioetan Kataluniako herriak "demokrazia eta askatasuna ulertzeko bide kataluniarra zein den" erakutsiko duela aurreratu du presidenteak.
Fossar de les Moreres plazaren inguruko kaleetan bildu diren herritarrek txalo artean hartu dute Mas; izan ere, plaza itxita eta Poliziaren hesiak inguratuta zegoen. Auzoari bisita egiten ari ziren turista asko ezustean harrapatu ditu ekitaldiak.
Llotja de Mar
Ondoren, beste ekitaldi bat egin dute Bartzelonako Llotja de Marren. Miquel Iceta PSCko idazkari nagusia bertan izan da. PPCk eta Ciutadansek ez dute parte hartu.
Llanos de Luna Espainiako Gobernuko ordezkaria ez da ekitaldi horietan izan. Josep Carreras tenoreari Kataluniako Parlamentuaren Ohorezko Domina eman zioten atzo. Zeremonia horretan bai parte hartu zuen Llanos de Lunak.
Gobernuko Ordezkaritzaren iturriek azaldu dutenez, atzoko ekitaldia "kataluniar guztien ordezkaritza dagoen erakundean" egin zuten, eta Llanos de Lunaren presentzia justifikatu dute.
Musika eta olerki ikuskizuna izan da Llotjan, Ondorengotza Gerraren hirugarren mendeurrena gogoratzeko. Jordi Salvallek Cant dels ocells abestu du, eta Maria del Mar Boneten emanaldia izan da.
Bestalde, testuak irakurri dituzte, besteak beste, Martin Luther Kingen Amets bat dut. Ekitaldia El Cant de la Senyera-rekin bukatu da.