Itxi

Memoria historikoa

NBEk Espainia kritikatu du frankismoko biktimak ez konpentsatzeagatik

Erredakzioa

"Gabezia larrienak egia eta justizia gaietan daude", adierazi du NBEko errelatore bereziak. Estatuak biktimak bilatzeko lanen "pribatizazioa" onartu izana kritikatu du.

Espainiako diktadura amaitu zenetik ia lau hamarkada igaro dira, eta Estatua oraindik ez da gai izan Gerra Zibilean eta frankismoan zehar giza eskubideen urraketak pairatu zituzten biktimei justizia egiteko lege orokorra martxan jartzeko.

Pablo de Greiff Nazio Batuen Erakundeko errelatore bereziak txostena aurkeztu du Giza Eskubideen Kontseiluan.

"Gerra Zibilaren eta diktaduraren legatuari erantzuteko esfortzuetan zatiketa izan da nagusi. Hartutako neurriak ez dira Estatu politika sendo eta barnerakoi baten parte izan egia, justizia, ordaina eta ez errepikatzeko bermeak aurrera eramateko", adierazi du errelatoreak.

"Gabezia larrienak egia eta justizia gaietan daude", erantsi du errelatore bereziak. Estatu politika bat "inoiz ez" ezarri izana deitoratu du De Greiffek.

Bilaketaren pribatizazioa

Espainiak biktimak bilatzeko lanen "pribatizazioa" onartu izana bereziki kritikatu du De Greiffek.

"Gorpuak lurpetik ateratzeko eredu pribatuak erantzukizuna biktimen eta elkarteen esku utzi, Estatuko erakundeen axolagabekeria areagotu eta zailtasun metodologikoak ditu", esan du.

Horregatik, eredua aldatzeko, beharrezko baliabideak bideratzeko eta arduradun judizialen ekintza bermatzeko eskatu dio errelatoreak Estatuari.

Justizia eta ikur frankistak

Justiziari dagokionez, "formalismo gehiegi eta Amnistia Legearen eta legaltasun printzipioaren irakurketa murriztaileak" salatu ditu De Greiffek, "justizia lortzea ukatzeaz gain edozein ikerketa eragozten dutelako".

Era berean, atzerrian zabaldutako prozedura judizialei laguntzeko eskatu dio De Greiffek Espainiari. Bestalde, "Espainiako epaitegietan justizia unibertsalaren ahultasunarekin bukatzeko" neurriak hartzea eskatu dio.

Estatuko toki publikoetan jarraitzen duten ikur frankistak aipatu ditu errelatoreak. Ikurrak lekutik aldatzea edo moldatzea gomendatu du De Greiffek. Erorien Haranarekin Adituen Batzordeak proposatutakoa egitea eskatu du, monumentuaren "esanahia aldatzea", alegia.

Albisteak (3)