Itxi

Kataluniako kontsulta

Kontsulta bertan behera utzita, zer gertatuko da?

EITB.EUS

Auzitegi Konstituzionalak ezohiko bilera egin du gaur arratsaldean, Espainiako Gobernuak jarritako helegiteak aztertu eta tramitera onartzeko.

Atzo Bartzelonan osatutako V erraldoia. EFE

Espainiako Exekutiboak Kataluniako Kontsulten Legea eta azaroaren 9ko kontsultaren deialdiaren dekretuaren kontrako helegiteak aurkeztu ditu Auzitegi Konstituzionalean. Marta Silva Estatuko abokatu nagusiak Auzitegi Konstituzionalean erregistratu ditu Gobernuak onartutako bi helegiteak. Auzitegiak helegiteak onartu ostean, berehala baliogabe geratu dira.

Behin helegiteak aurkeztuta, Konstituzionalak onartu egin ditu, eta automatikoki bertan behera geratu da kontsulta, bost hilabetez.

Tarte hori igarota, behin-behineko debekua luzatu edo bertan behera utzi erabaki beharko du Auzitegi Konstituzionalak. Behin betiko epaia emateko ere ez dago epe legalik. Urteak igaro litezke.

Dena dela, bazegoen aurrekari bat Konstituzionala azkar mugituko zela pentsatzeko: Juan Jose Ibarretxe lehendakariak 2008. urtean deitutako kontsulta. Auzitegiak bi egun baino ez zituen behar izan (helegitea aurkeztu zutenetik, onartzea erabaki zuen arte) erreferenduma behin-behinean debekatzeko, eta bi hilabete behin betiko epaia emateko.

Horrenbestez, Artur Masek ondo kudeatu beharko ditu epeak kataluniarrek azaroaren 9an bozkatzea nahi badu, kontsulta batean edo hauteskunde batzuetan izan.

Hauteskundeak azaroaren 9ra aurreratzea erabakiko balu, urriaren 1a izango luke azken eguna bozak deitzeko, legeak 40 eta 60 egun arteko epea ematen baitu Parlamentua desegiten den unetik bozketa egin arte.

Ehunka mila pertsonak (1,8 milioi Bartzelonako Udal Poliziaren arabera, eta 470.000 eta 520.000 artean Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren esanetan) bultzada historikoa eman zioten irailaren 11n azaroaren 9ko kontsultari, Kataluniako hiriburuan 'V' erraldoi bat sortuta. Diada historikoa izan zen berriz ere, eztabaidagai nagusia Auzitegi Konstituzionalaren balizko debekua errespetatu edo ez zenean.

Horren ildotik, 'V' erraldoiaren antolatzaileek, Kataluniako Biltzar Nazionalak (ANC) eta Omnium plataformak, 947 hautetsontzi sinboliko (herri bakoitzeko bat) jarri zituzten ibilbidean zehar, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, eta, Konstituzionalak kontsulta debekatu arren, azaroaren 9an "hautetsontziak jartzea" eskatu zioten Artur Mas Generalitateko presidenteari. "Herriaren ahotsa Madrilgo auzitegi alderdikoi baten iritziaren gainetik dago", nabarmendu zuten.

Hurrengo mugimenduak

Kataluniako Parlamentuak ostiralean (hilak 19) onartu zuen kontsulten legea, eta Masek handik eta egun batzuetara sinatu zuen. Iragan larunbatean, kontsulta deitzeko dekretua ere sinatu zuen Artur Masek.

Ordura arte, Konstituzionalak ezin izan du kontsulta debekatu. Izan ere, Auzitegiak ezin du ofizioz jokatu, eta, esku hartzeko, Espainiako Gobernuak konstituziokontrakotasun helegitea aurkeztu behar zuen. Ez da nahikoa kontsulta iragarri izana; lege edo dekretu batean jasota egon behar da horren aurka egin ahal izateko.

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)