Bilbo
Euskal Herriak bere etorkizunaz erabaki nahi du, dio Gure Esku Dagok
Erredakzioa
Europan "tren bat" dabilela, eta Euskal Herriak "eskua altxatu" eta bere geroari buruz ebazteko aukera izan nahi duela aldarrikatu du erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak aldarrikatu du Europan "tren bat" dabilela, eta euskal herritarrek "eskua altxatu" eta Euskal Herriaren etorkizunari buruz libreki bozkatu nahi dutela.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak Bilboko Plaza Berrian egin du lanurte berriko lehen ekitaldia. Jaia eta aldarrikapena uztartu dira, eta ikurrinak, Kataluniako senyerak eta Eskoziako banderak ikusi ahal izan dira bertan.
Osteguneko Diadak eta Eskozian independentziari buruz irailaren 18an egingo duten erreferendumak agenda politikoaren erdigunean jarri dute erabakitzeko eskubidea, Gure Esku Dagoren arabera. "Orain gure esku dago tren hori gure herritik pasatzea", gaineratu du.
"Europan tren bat martxan dabil. Osteguneko Diadan kataluniarrek bozkatzea eskatu zuten, eta datorren ostegunean Europan libre izan nahi duen beste herri batek bozkatu egingo du", adierazi du Zelai Nikolas Gure Esku Dago dinamikako bozeramaileak.
Nikolasen esanetan, "Euskal Herriak ere eskua altxatu nahi du", eta euskaldunok "zer izan nahi dugun galdetu nahi diogu geure buruari".
Bestalde, ekainaren 8ko giza katearen ondotik, Gure Esku Dagoko partaideak "aurrerantzean zer egin eta nola gauzatu" galderari erantzun nahian jardun dira Euskal Herrian zehar dituzten 160 batzordetan. Lorturiko erantzun horien sintesia datozen irailaren 27an egingo duten ekitaldian aurkeztuko dute. Ekitaldi horretan, aurrera begirako ekintza plana ere aurkeztuko dute; erabakitzeko eskubidea "gizarteratzeko" beharra izango du ekintza plan horrek oinarri.