Itxi

Erabakitzeko eskubidea

Aralar:'Aurrera egin behar da Estatu itsu batekin denbora galdu barik'

Erredakzioa

Patxi Zabaletaren eta Rebeka Uberaren arabera, Eskoziako eta Kataluniako prozesuak "eredugarriak dira, erabakitzeko eskubidea lortzeko bidean".

"Euskal Herriak erabakitzeko eskubidearen alde aurrera egitea, estatu itsu eta gor batekin denbora galdu barik", eskatu du Aralarrek. Gainera, Eskozia eta Kataluniari "eskuzabaltasunez Europarekin partekatzen ari diren eredua" eskertu die, eta, gogorarazi duenez, "elkartasuna, kooperazioa eta elkarri babesa ematea oinarrizkoak izango dira burujabeak izan nahi diren herrietan".

Patxi Zabaletaren eta Rebeka Uberaren arabera, Eskoziako eta Kataluniako prozesuak "eredugarriak dira, erabakitzeko eskubidea lortzeko bidean".

"Demokrazian sakontzeko urratsak ematen ari dira, pertsonen ahalduntzea politikako lehen lerrora eta erabakitzeko eskubidea praktikara eramanez; oinarrizko eskubidea da demokrazian, eta herrien arteko gatazkak bideratzeko modu eraginkorrena eta demokratikoena", zehaztu dute.

Zentzu horretan, zabaldutako prozesuotan Londres eta Madrileko gobernuek hartutako jarrerak "aurrez aurre" jarri dituzte. "Cameronek erabakitzeko eskubidea lehenetsi du, legediaren gainetik. Beste muturrean, Rajoyk jarrera lotsagarria izaten jarraitzen du, ez dio Kataluniari entzun nahi, ezta hango errealitatea ikusi nahi ere".

PPren Gobernuak "Kataluniako prozesuaren aurrean itsu eta gor jarraitzea" kritikatu dute. "Oraindik ez dira ohartu demokrazia dela gizartean batasuna eta elkarbizitza bermatzeko bide bakarra, eta demokrazian hitza eta etorkizuna erabakitzeko aukera herritarrei eman behar zaiela", gaineratu dute.

Albisteak (2)