Auzitegi Nazionala
Segiko kide izatea ukatu eta torturak salatu dituzte auzipetuek
Erredakzioa
Epaiketa bertan behera geratu da une batez, auzipetuek epaileari bizkarra eman eta "konponbidea bai" lelodun kartelak erakutsi dituztenean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Angela Murillo epaileak bertan behera utzi du, behin-behinean, Segiko kide izatea egotzita 28 gazteren kontrako epaiketa Auzitegi Nazionalean, auzipetuak protesta kartelak erakusten hasi direnean, baina 45 minutu geroago berrabiarazi dute auzi saioa.
Auzipetuen galdeketekin hasi da ahozko saioa, eta auzipetuen lagunek eta senideek ezingo dute epaitegian sartu aste osoan, epaileak, epaiketa bertan behera utzi ostean, hala aginduta.
Epaiketa bigarren aldiz hasi denean ekin diote galdeketari, eta auzipetuek defentsaren galderei soilik erantzutea erabaki dute. Tortura salaketak eta inkomunikazio aldian egindako aitortzak ukatzen ari dira.
28 auzipetuetako 5 ez dira bertaratu, eta Loiolan antolatutako 'Aske Gunea'n izan dira. Hori horrela, Angela Murillo buru duen auzitegiak bostak bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du. Bost horiek Jazint Ramirez Cruz, Xabier Arina, Imanol Salinas, Irati Tobar eta Igarki Robles dira, eta epaiketak irauten duen bitartean, abendura arte gutxi gorabehera, preso egon beharko dutela ohartarazi du epaileak. Izan ere, epaiketan agertu ez izanak ihes egiteko arriskua dagoela erakusten duela iritzi dio Murillok.
Fiskaltzak sei urteko espetxe-zigorra eskatu du auzipetu bakoitzarentzat, talde terroristako kide izatea leporatuta.
Ertzaintzak bost gazteak gauean atxilotu ditu. Operazioak bi ordu eta erdiko iraupena izan du.
'Aske Gunea', Loiolan
Epaiketan bertaratu ez diren auzipetuek prentsaurrekoa eman dute Loiolako 'Aske Gune'tik, eta iragarri dutenez, "gure ekarpen txikia egin nahi diogu gaur hasi den epaiketari, Euskal Herriko herritarren kontrako epaiketak amai daitezen eta irtenbidea lortzeko bidean jar gaitezen".
"Umiltasunetik, baina gure ekarpena egin nahi dugu 'Aske Gunea'rekin. Euskal Herrian epaiketak amaitzeko, gatazkari irtenbidea emateko, Espainiako eta Frantziako estatuen oztopoei aurre egiteko, eta prozesu demokratikoa sustatzeko herri harresia indartu nahi dugu", azaldu dute.
"Auzipetuok, 28ok, badakigu epaituko gaituztela, epaiketa ez dutela bertan behera utziko, baina gure ekimenak etorkizunean egin nahi dituzten epaiketa politikoak geldiarazi nahi ditu, zeren nazkatuta baikaude, eta euskal herritar guztiei eskatzen diegu Loiolara etorri eta bakoitzak bere alorretik ekarpenak egin ditzala", gaineratu dute.
Iturria: Aske Gunea
40 gazte absolbituta
Auzitegi Nazionalak urria eta otsaila bitartean epaitutako 40 gazte absolbitu zituen. Legez kanpo utzitako Segi taldeko kide izatea leporatzen zieten gazteei, baina, Auzitegi Nazionalaren epaiaren arabera, akusatuen ekintzak politikoak ziren, eta ez zuten inolako loturarik Segirekin edo kale borrokarekin.