Itxi

Politika Orokorreko Eztabaida

Autogobernuan sakontzea izango da Urkulluren lehentasuna

Erredakzioa

Datorren ostegunean Eusko Legebiltzarrean egingo den Politika Orokorreko Eztabaidan azalduko ditu bere lehentasunak. Ekonomia suspertzea eta elkarbizitzarako oinarriak finkatzea, horien artean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñigo Urkullu lehendakariak urte politiko honetarako dituen lehentasunak agertuko ditu datorren ostegunean Politika Orokorreko Eztabaidan, Eusko Legebiltzarrean; autogobernuan sakontzea, Euskadirako estatus politiko berria ezarrita, izango da lehendakariak helburuen lehen lerroan kokatu duen eginkizuna. Ekonomia suspertzea eta elkarbizitzarako oinarriak finkatzea dira beste bi oinarriak.

Euskal autogobernua eguneratzeko premia jarriko du mahai gainean Urkulluk, osteguneko agerraldian; horretarako, estatus politiko berria ezinbestekoa dela nabarmenduko du lehendakariak. Halaber, Eskozian joan den astean izandako erreferendumaren ostean, autogobernuaren inguruko eztabaida inoiz baino beharrezkoagoa dela adieraziko du.

Eskoziak independentziari ezetz esan dion arren, "borondate demokratikoa izanda, akordioak posible dira", esango du Urkulluk bere hitzaldian. "Bide demokratikoak erabilita proposatu behar dira helburu nazionalak", jaso du, hitzez hitz, Urkulluk hitzaldirako zirriborroan.

Bakea eta elkarbizitza

Bake eta elkarbizitzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren lehentasun nagusia Bake eta Elkarbizitzarako Plana, hasieratik bukaeraraino, bere horretan garatzea izango da.

ETAk borroka armatua bertan behera utzi zuela hiru urte betetzear dauden honetan, Urkulluk adieraziko du elkarbizitza eta bakea finkatzeko "sendagaiak" ondorengoak direla: eragindako mina aitortzea, elkarrizketa eta elkarbizitzan gutxieneko adostasunak lortzea  EAJ, ezker abertzalea, PSE-EE eta PPren artean.  Hori lortzeko, Euskadin "erremintak eta ahalmena" egon badaudela defendatuko du Urkulluk.

Ekonomia

Maila ekonomikoan legealdi honetan egin den lana errepasatuko du Urkulluk, eta, ondoren, 2015erako Eusko Jaurlaritzak martxan jarri nahi dituen ekimenak azalduko ditu. Europak krisi ekonomikoan murgilduta jarraitzen duela gogoraraziko du lehendakariak eta euroguneko gobernu guztiei ekonomia egonkortzeko neurriak hartzea dagokiela nabarmenduko du.

Euskadirentzako aurreikuspen ekonomikoak aurten "hobeak" direla ere azpimarratuko du bere hitzaldian Urkulluk. "Egoera egonkortzea lortu da, eta baikor egoteko adierazleak ditugu, tartean zalantzak dauden arren", esango du. Hori dela eta, egoera ekonomikoaren aurrean "zuhurtzia" eskatuko du. Ildo honetan, enplegua sortzea, batez ere, gazteen artean, lehenetsiko du Jaurlaritzak.

Albisteak (4)

Bideoak (1)