Itxi

Katalunia

Kontsultaren aldeko mozioak Bartzelonan eta beste 600 udaletan

Erredakzioa

Bartzelonako Udalak eta Kataluniako beste 600 udalek azaroaren 9ko kontsultari babesa emateko mozioak onartu dituzte edo onartuko dituzte datozen orduetan.

Xavier Trias Bartzelonako alkatea udalbatzan. Argazkia: EFE

Bartzelonako Udalak eta Kataluniako beste 600 udalek azaroaren 9ko kontsultari babesa emateko mozioak onartu dituzte gaur edo onartuko dituzte datozen orduetan, Kataluniako Udalerrien Elkarteak eta Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak jakitera eman dutenez.

CiUk, ICV-EuiAk eta Unitat per Barcelonak (ERC-DCat) aldeko botoa eman dute Bartzelonako Udalean. Horrela, azaroaren 9ko kontsultari babesa eman diote eta galdeketa egiteko beharrezko tresna eta baliabide guztiak errazteko konpromisoa hartu dute.

Proposamenak aldeko 21 boto jaso ditu. 12 zinegotzik, ostera, kontrako botoa eman dute (PPko 9 eta PSCko zuzendaritzaren 3); izan ere, gainerako zinegotzi sozialistek ez dute bozketan parte hartu.

Gainerako udalei dagokienez, Kataluniako Udalerrien Elkarteak (ACM) eta Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak (AMI) agiri batean azaldu dutenez, kontsultaren aldeko mozioa datozen orduetan onartu behar dutela baieztatu dute Kataluniako 600 udal baino gehiagok. Hala ere, udal batzuek datozen egunetan ezohiko udalbatzak egingo dituzte mozioa onartzeko.

Independentziaren aldeko banderak Bartzelonako udaletxearen kanpoaldean. Argazkia: EFE

Urriak 4

Udalbatzetako bozketen aktak urriaren 4an emango dizkiote alkateek Generalitateko presidenteari. "Demokrazian Kataluniako alkateen bilerarik handiena izan daiteke", ACMk eta AMIk adierazi dutenez; izan ere, Kataluniako udalen % 65 dira.

Iragan ostiralean onartutako kontsulten legeak eskaintzen duen marko legalari babesa ematen dio mozioaren testuak. Gainera, Kataluniako presidenteari, Parlamentuari eta alderdiei babesa ematen die.

Era berean, norbanakoen askatasuna eta prozesu demokratikoa bermatzeko eskatzen die mozioak udalei. Horretarako, kontsulta egiteko beharrezko tresna eta baliabideak bideratzeko eskatzen die.

Azkenik, "modu aktibo eta baketsuan" kontsultan parte hartzeko deia egiten die mozioak herritarrei.

Albisteak (6)