Politika orokorreko eztabaida
Herritarren arazoak 'alboratzea' egotzi dio Maneirok Urkulluri
Erredakzioa
UPyDko legebiltzarkideak dauden arazoak konpontzeko gai ez izatea eta gainera arazo berriak sortzea egotzi dio lehendakariari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak herritarren arazoen aurrean sentikortasunik ez izatea egotzi dio Iñigo Urkullu lehendakariari. Halaber, gaizkien pasatzen ari direnei aurrera begira inolako itxaropenik ez diela eman nabarmendu du.
Maneirok zabaldu du Eusko Legebiltzarrean gaur egiten ari diren Politika orokorreko eztabaidaren arratsaldeko saioa.
Urkulluk herritarren arazoak "alboratu" ditu Euskadi Espainiako gainerako erkidegoak baino hobeto dagoela esanda, baina "herritarrak duela urtebete baino okerrago daude. (...). Eta Gobernuak urtebete galdu du beharrezko neurriak hartzeko".
Maneiroren iritziz, "Urkullu ez da Euskadiko arazo nagusienak konpontzeko gai izan eta gainera berriak sortu ditu", eta Osakidetza, Ertzaintza eta estatus politiko berrirako proposamena jarri ditu adibide gisara.
Ildo horretatik, lehendakariak "beldurragatik eta ausardia faltagatik" ez duela bere proposamena zehazten nabarmendu du. Halaber, "ez du azaltzen zehazki zer nahi duen eta hori lortzeko zein pauso emango dituen, noren babesa izango duen eta egungo legedia urratzea pentsatzen duen ala ez". Eskoziaren bidea jarraitu nahi duela esatea "arduragabekeria hutsa" da, Maneiroren arabera. "Arazo bat bera ez konpontzeaz gain, berriak sortu ditu eta gainera enfrentamenduaren eta zatiketaren bidetik eraman nahi gaitu", azpimarratu du.
Gauzak horrela, jeltzaleek egungo legedia urratu nahi badute UPyD aurrez aurre izango dutela ohartarazi du. Maneiroren esanetan, "zuek defendatzen duzuen erabakitzeko eskubidea falazia bat da" eta galdeketa, berriz, "onartezina". "Herrialdearen etorkizuna guztion artean erabaki behar dugu. Zuen erabakitze eskubidea milioika herritarrei eskubide hori urratzean datza", gaineratu du.
Bestalde, egun dauden mekanismoak baliatuz, Konstituzio erreforma posible dela adierazi du, eta UPyDk Europa federal baten baitako Espainia federal "simetriko eta berdintasunezkoa" aldarrikatuko du.
Esan ez duena bere ahotan jartzea egotzi dio Urkulluk Maneirori
Iñigo Urkulluk berak esan ez duena bere ahotan jartzea egotzi dio Gorka Maneirori: "Esan ez dudan kontuengatik kritikatzen nauzu". Urkulluren iritziz, Maneiro bere rola betetzera joan da Eusko Legebiltzarrera, eta, "beste zenbaitetan bezala, ez didala entzun dirudi". "Hiritarrei ez zuzentzegatik kritikatzen nau, eta zu hiritarrengana zuzendu al zara?" gaineratu du. Bestalde, UPyD autogobernua deuseztearen alde dagoela argi eta garbi esateko deia egin dio Maneirori.