Bateragune auzia
Bateragune auziko presoak askatzea eskatzeko manifestazioa deitu dute
Erredakzioa
Hilaren 11an egingo da manifestazioa Elgoibarko kaleetan, eta 200 atxikimendutik gora ditu jada.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bateragune auziko presoak aske utz ditzatela eskatzeko manifestazioa deitu dute urriaren 11an Elgoibarren.
Gaur goizean prentsaurrekoa eskaini dute Elgoibarren eta bertan manifestazioak dagoeneko 200 atxikimendu baino gehiago jaso dituela azaldu dute. Laura Mintegi EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile ohiak eta Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusiak adierazpena irakurri dute.
Hainbat esparrutako eta iritzi politiko ezberdineko jendeak bat egin du deialdiarekin, batzuk aipatzearren, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohia, Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel sariduna, Julio Anguita IUko idazkari nagusi ohia, Carlos Garaikoetxea lehendakaria, Willy Toledo aktorea, eta Joan Tarda ERCko diputatua.
Egunotan bost urte betetzen dira Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto atxilotu eta kartzelara bidali zituztenetik.
Azaldu dutenez, sinatzaileen profila oso anitza da eta horien artean ideia politiko ezberdinak dituzten pertsonak daude. "Batzuek orain kartzelan daudenen ideiak partekatzen ditugu, beste zenbaitek ideia horiek errespetatzen dituzte baina urrun daude, eta beste batzuek beste giza eskubideen defentsagatik, arrazoi humanitarioengatik edo pertsonalengatik sinatu dute", gaineratu dute.
Dena den, diferentziak diferentzia denak bat datoz Bateragune auziko presoak hein handi batean "Euskal Herriak gaur egun bizi duen ilusio eta itxaropen egoeraren arduradunak" direla.