Itxi

Alderdi eguna

Ortuzarrek 'euskal bidea' aldarrikatu du 'irtenbide bakar modura'

Erredakzioa

EAJren EBBko presidentearen iritziz, bide hori 'elkarrizketan, akordioan eta herri borondatearekiko errespetuan' oinarrituta egon behar da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak "euskal bidea" aldarrikatu du "irtenbide bakar modura". Gaineratu duenez, bide hori "elkarrizketan, akordioan eta herri borondatearekiko errespetuan" oinarrituta egon behar da.

EAJ Alderdi Eguna ospatzen ari da Forondako zelaietan eta bertan egin ditu adierazpenok jeltzaleen buruak.

EAJk bere bide propioa dauka, "euskal bidea", Ortuzarren arabera. "Euskadiri eta Espainiari eragiten dien gatazka historiko honi amaiera emateko egiazko konponbidea euskal bidea da, elkarrizketan, akordioan eta, batez ere, herri borondatearekiko errespetuan oinarrituta egongo dena. Bideak demokratikoa, errespetuzkoa eta guztiontzako ona izan behar du, Eskoziako erreferenduma izan den moduan", gaineratu du.

Horren iritziz, jeltzaleen proiekturako "aliatu onena" Alderdi Popularra da: "Geroz eta espainiarrago nahi gaituzte, baina geroz eta euskaldunagoak gara".

EAJk "zentzua" aplikatzen du ohiko zereginetan eta baitan nazio eraikuntzan ere, izan ere, "guztientzako onena nahi dugu". "Hori dela eta, ez du denak balio. Badakigu nora goazen eta nora iritsi nahi dugun. Iritsiko gara, EAJren hitza duzue, euskaldunaren hitza, iritsiko gara, baina ez edozein modutan", azaldu du.

"Euskadi da estaturik gabeko nazioen artean estatu baten antza gehien duena", azpimarratu du. "Independentzia lege kontua baino burukoa da", eta lehenago edo geroago "gure burujabetzari buruzko aitortza hori" lortuko denaren itxaropena agertu du.

Kataluniako galdeketa

Katalunia hizpide hartuta, katalanei hasitako bideari babesa eskaini dio eta Espainiako Gobernua katalanak "mutu" uzten ahalegintzen ari dela salatu du Ortuzarrek. "Beren etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea demokratikoa kendu nahi dio Espainiako Gobernuak Kataluniari", gaineratu du.

Bestalde, Espainiako Gobernua kritikatu du. Ortuzarren iritziz, Espainiako Gobernuaren obsesio bakarra "Kataluniako gizartearen legezko nahiak errotik moztea da". Hala, Espainiako Gobernua izaten ari den jokabide lotsagarriagatik katalanek duten "amorrua eta haserrea" partekatzen dutela nabarmendu du.

"Arazoa konpondu baino nahiago izan du ostikada bat ematea, hain zuzen ere, 2005ean Zaparetoren Gobernuak herri honen estatus politiko berriaren proiektuari eman zion bezala", nabarmendu du.

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)