EAJri kritika
Nerea Llanos: 'Independentzia egin daitekeen negozio txarrena da'
Erredakzioa
Euskadiko 'popularren' idazkari nagusiaren iritziz, nortasunaren inguruko eztabaidekin ez dira konponduko herritarrek dituzten arazo larriak.
Nerea Llanos Euskadiko Alderdi Popularreko idazkari nagusiaren iritziz, independentzia egin daitekeen negozio txarrena da euskal herritarrentzat. Halaber, nortasunaren inguruko eztabaidekin herritarren arazo larriak ez direla konponduko nabarmendu du.
Euskadiko popularren buruzagiak urte politikoari hasiera emateko urtero Artxandan egin ohi duten bazkariaren aurretik egin ditu adierazpenok. Burujabetza proiektua euskal herritarren lehentasunen gainetik jartzea egotzi dio Llanosek Urkulluri, eta herritarren interesei jaramon egingo dien jarrera arduratsua hartzeko eskatu dio.
Ostegunean Eusko Legebiltzarrean egin zen politika orokorreko osoko bilkuran Urkulluk berearekin jarraitzen duela eta burujabetza proiektua euskal herritarren lehentasunen gainetik jartzen duela argi geratu zen Nerea Llanosen arabera. Herritarrek arazo asko eta larriak dituzte eta nortasunaren inguruko eztabaidarekin "ez dugu jaten".
Dauden arazoen aurrean "Urkulluk ematen duen erantzun bakarra burujabetza gehiago da. Hori ez da posible, izan ere, EAJk badaki independentzia herritarrentzat egin daitekeen negozio txarrena dela, eta Euskadi independentea ez dela bideragarria inolaz ere".
Llanosen iritziz, Eusko Jaurlaritzak EAJren beharrak "asetzeko" jarduten du, eta "herritarren eta enpresen beharrak alde batera uzten ditu".
Horren esanetan, enpresek Jaurlaritzak "ateak eta merkatuak irekitzea behar dute", eta "ez aldiro autogobernu gehiago aldarrikatzen egotea".
"Herritarrek Gobernu bat behar dugu, Madrilen beti eztabaidan egon beharrean egin behar duena egingo duena, hau da, gobernatzea, kudeatzea eta erabakiak hartzea", gaineratu du.