Itxi

Kataluniako kontsulta

Konstituzionalak ez du subiranotasun prozesua geldituko, ERCren ustez

Erredakzioa

"Katalunia independente izatea beste irtenbiderik ez dago", Oriol Junquerasek azpimarratu duenez.

Oriol Junqueras, artxibozko irudi batean. EFE

Oriol Junqueras ERCren buruzagiaren ustez, Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 9ko kontsultaren dekretua baliogabetzen badu ere, subiranotasun prozesuak bere horretan jarraituko du.

Alderdi independentistaren konpromisoa azaroaren 9an kontsulta egin eta botoa emateko aukera izatea da, hori egiteko "zailtasun ugari" daudela jakin dakiten arren.

Catalunya Ràdio irrati-kateari eskainitako elkarrizketa batean honakoa esan du Junquerasek: "Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako herritarren borondatearen aurka emandako epai baten ondorio da prozesu hau guztia. Hori horrela izanik, inork uste al du auzitegi horren epai batek subiranotasun prozesua geldituko duenik? Nik ezetz uste dut".

Auzitegi hori hizpide hartuta, "politikoki aukeratutakoa" dela nabarmendu du Junquerasek. "Kataluniako independentistek ez ezik, Espainiako gizartearen zati handi batek ere ezbaian jartzen du", erantsi du.

ERCren presidentearen arabera, Konstituzionalak esandakoa gorabehera, kontsulta egin egingo da, "Kataluniako herriak hauteskundeetan eskatutakoa betetzeko gaude gu, eta, horrenbestez, Katalunia independente izatea beste irtenbiderik ez dago", adierazi du.

Horren ildoan, desobedientziaren alde agertu da Junqueras: "Espainiako alderdiek botoa ematen uzten ez badigute, guk botoa emango dugu; desobedientzia bozkatzea da, eskubide besterenezina dela uste baitugu".

PSCren zuzendaritzarekin kritiko agertu da ERCko buzuragia. Horren ustez, "deitoragarria" da kontsultaren alde agertu diren zinegotzi eta alkate sozialisten jarreraren kontra azaltzea.

 

Albisteak (2)