Itxi

Galdeketa Katalunian

Artur Masek ez du atzera egingo, 'katalanek boza ematen duten arte'

Erredakzioa

ERCk kontsulta egin ahal izateko epe eta izapideekin aurrera jarraitzeko eskatu dio Artur Mas presidenteari.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Historikoki “desobedientziak” ez duela beti “garaipena” ekarri azpimarratu du gaur Artur Mas Kataluniako presidenteak, eta, horren harian, kontsulta bertan behera uzteko erabakia bertan behera uzteko eskatu dio Auzitegi Konstituzionalari.

Kataluniako Parlamentuko kontrol saioan esan duenez, Generalitatearen helburu nagusia azaroaren 9an kontsulta egitea izango da, baina horretarako Auzitegi Konstituzionalak galdeketa baliogabetzeko erabakia atzera bota beharko lukeela gogoratu du.

“Nigatik baldin bada, prozesu honen guztiaren amaieran bozkatu egingo dugu”, gaineratu du.

Galdeketaren aldeko alderdiekin bildu eta “behin betiko” erabakiak hartuko dituela adierazi du Artur Masek, Gobernuak hartutakoak “behin-behinekoak” baitira.

Masek berretsi du bere horretan jarraituko duela, katalanek euren etorkizuna erabaki dezaten. Alicia Sanchez-Camacho PPCko buruzagiari ohartarazi dio kontsultaren aurkako alderdiek ezingo dutela kontsulta galarazi.

Sanchez-Camachori Auzitegi Konstituzionalaren "bozeramailea" izatea egotzi dio Artur Masek, eta, PPk eta PSOEk "oztopoak" jarriko badituzte ere, "katalanek bozkatu egingo dutela" azpimarratu du. "Oraingo honetan, Ganbera honek hartuko du erabakia, eta ez zuek", esan die.

ERCk aurrera jarraitzeko eskatu dio Masi

Generalitateko presidenteari aurreikusitako “epeekin” eta “tramiteekin” aurrera jarraitzeko eskatu dio Marta Rovira ERCko bozeramaileak. Roviraren hitzetan ERC ez da Auzitegi Konstituzionalak hartzen dituen erabakien “gaizkidea”.

“Azaroaren 9ko kontsultari begira, epeak betetzea ezinezkoa izatea kezkatzen gaitu”, adierazi du ERCko idazkari nagusiak.

Hortaz, ERCk kontsulta prestatzen jarraituko duela aurreratu du.



Albisteak (5)

Bideoak (1)