Udal hauteskundeak
Aburto izango da EAJren Bilboko alkategaia
Erredakzioa
Enplegu sailburua Ibon Aresoren kargua hartzeko hautagai izango da. Iñaki Azkuna hil ostean izendatu zuten Areso alkate.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Juan Mari Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburua izango da EAJren hautagaia Bilboko alkate izateko 2015eko maiatzeko udal-hauteskundeetan, EiTBk jakin ahal izan duenez.
Aburto Ibon Aresoren kargua hartzeko hautagaia izango da horrela. Iñaki Azkuna hil ostean, Aresok hartu zuen alkatetza, eta legegintzaldia amaitzen denean utziko du.
Aburtoren inguruko albistea Jose Luis Bilbaok ahaldun nagusi kargurako hautagai ez dela izango iragarri eta biharamunean iritsi da. Ahaldun nagusiak Bilboko alkategai ere ez dela izango jakinarazi zuen.
Proposamena gaur onartu dute Sabin Etxean, Bizkai Buru Batzarraren eta Bilboko hamahiru batzokiak barne hartzen dituen batzordearen arteko bileran.
Hori horrela, Aburto izango da EAJren afiliatuek urriaren 7an proposatuko duten hautagaia. Izan ere, orduan hasiko da EAJren hautagaiak izendatzeko prozesua, tartean Bizkaiko ahaldun nagusigaia izendatzeko.
Aburtoren biografia
Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua Bizkaiko Aldundiko oinarri nagusietako bat izan zen Jaurlaritzara heldu aurretik eta, 2012ko abendutik, giltzarria izan da Iñigo Urkullu lehendakariaren Eusko Jaurlaritzan ere.
Hain zuzen ere, Aburto Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaile eta Lehendakaritza diputatua izan zen Urkulluren Gobernura iritsi aurretik.
Ordutik, Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua izan da. Gaia ez zitzaion berria egin, azken legegintzaldian Ekintza Sozialeko diputatua izan baitzen. Sail horrek inoiz izan duen aurrekonturik handiena kudeatu behar izan zuen.
Aldundira iritsi aurretik, Eusko Jaurlaritzan ere aritu zen, Juan Mari Atutxa Herrizaingo sailburuaren lantaldean.