Kartzela politika
Sortuk dio 'hutsala' izango dela 'Hitzeman' gizarteratze egitasmoa
Erredakzioa
Barrenak azpimarratu duenez, Jaurlaritzak "ez ditu kartzela alorreko eskumenak, beraz, integraziorako legezko eredurik ezin du ezarri".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pernando Barrena Sorturen bozeramaileak "hutsal"tzat jo du euskal presoak gizarteratzeko eta integratzeko Eusko Jaurlaritzak gaur goizean aurkeztu duen 'Hitzeman' egitasmoa.
Donostian emandako prentsaurreko batean, Barrenak kritikatu egin du Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitza zuzendariak aurkeztutako egitasmoa, Jaurlaritzak "ez baitu eskumenik garatzeko" eta edukiak "norberaren ekimenaren esku uzten" dituelako.
Ezker abertzaleko buruzagiak azpimarratu duenez, Jaurlaritzak "ez ditu kartzela alorreko eskumenak; beraz, integraziorako legezko eredurik ezin du ezarri".
'Hitzeman'ek "estatutuan oinarririk ez" duela berretsi ostean, Barrenak gogorarazi du "Barne Ministerioaren esku" jarraitzen duela kartzela politikak, eta "hori kontuan izan gabe bide legal bat" proposatzeak "zentzurik ez" duela gaineratu du.
Haren esanetan, 'Hitzeman' proiektua "Madrilen kartzela politikak eragiten duen giza eskubideen urraketa" estaltzeko neurria da.