Udal eta Foru hauteskundeak
Xabier Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaia
Erredakzioa
Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun saileko zuzendaria da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Xabier Olano izango da Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaia 2015eko udal eta foru hauteskundeetan. Hala iragarri du EH Bildu koalizioak Donostiako Aquariumean larunbat arratsaldean egin duen ekitaldi politikoan.
Beraz, gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun zuzendaria dena izango da EH Bilduren apustua Martin Garitanoren tokia hartzeko. Egungo ahaldun nagusiak irailaren 27an iragarri zuen ez zuela karguan errepikatzeko bere hautagaitza aurkeztuko.
Martin Garitano egungo Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarri du Xabier Olanoren hautagaitza, eta eskerrak eman dizkio haren taldearen legegintzaldian zehar egindako lanagatik.
Duela lau urte egin bezala, 2015eko udal eta foru hauteskundeak irabaziko dituztela ziur agertu da Xabier Olano. "Zuen laguntzarekin lortuko dugu", azpimarratu du. Halaber, Gipuzkoan jadanik emandako pausoak areagotzeko konpromisoa agertu du, hala nola, gizarte politikan, lurralde batasunean, berdintasunean, ingurumenarekiko errespetuan eta zerga politikan. Azkenik, koalizioak berarengan jarritako konfiantza eskertu du eta konfiantza horri erantzuteko prest dagoela azpimarratu du.
Olanorekin batera Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailearen eta Helena Franco Ogasun diputatuaren izenak aipatu dira azken asteetan, baina biek ala biek baztertu egin zuten aukera hori hedabideen aurrean. Orduan, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkidearen hautagaitzak indarra hartu zuen, baina azkenean Xabier Olanoren aldeko apustua egin du koalizioak.
EH Bilduk goizean iragarri ditu Arabako ahaldun nagusirako eta Gasteizko alkate izateko hautagaien izenak eta Kike Fernandez de Pinedo eta Miren Larrion izango dira, hurrenez hurren.