Itxi

Gizarte Laguntzak

Etorkin irregularrei oinarrizko errenta ukatzea eskatu du PPk

Erredakzioa

Javier Marotok  Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta emateko irizpideak aldatzeko proposamena aurkeztu du. Laguntza horiek jasotzeko, erroldan, gutxienez, 10 urtez egotea ere proposatu du, besteak beste.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Javier Maroto (PP) Gasteizko alkatea Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE), oinarrizko premiei aurre egiteko diru-sarrerak ez dituztenei zuzendutako laguntzak, berriro arautzeko premia dagoela uste du. Hori dela eta,  diru-laguntza horiek erregulatzeko zazpi proposamen eramango ditu Marotok berak Eusko Legebiltzarrera. Bere hitzetan, "gehiegikeriak ezabatzeko ordua da, legea aldatzeko garaia da".

Proposamenenetako bat etorkin ilegalei oinarrizko diru-laguntzak ukatzea da. Halaber, Gizarte Segurantzan inoiz kotizatu ez duten pertsonei ere, etorkinak nahiz bertakoak, diru-laguntza horiek ez ematea proposatu du Marotok. "Sekula lan egin ez duten legez kanpokoak daude diru-laguntza horietatik bizitzen. Ez dute lan kontraturik izenpetu nahi, eta bizitza osoan kotizatu dutenek baino gehiago jasotzen dute", adierazi du.

Diru-laguntza eskuratzeko 10 urteko errolda eskatzea ere jaso du bere egitasmoan Alderdi Popularrak. "Ortutxo bat duen gizonari ukatu egiten zaizkio laguntzak, eta gaztelaniaz jakin ere ez dakienari eman", esan du Gasteizko alkateak.

Magrebtarren inguruan esan zituenak Fiskaltzan dauden arren, damurik ez du erakutsi  Marotok. Esanak berretsi ditu. Diru-laguntzen arazoa hor dagoela eta ezin direla begiak itxi esan du PPko alkateak.

Aburto: "PPk eskubideak murriztu nahi ditu"

Bestalde, Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte gaietarako sailburuak esan du Alderdi Popularrak egindako proposamenak ez duela iruzurrari aurre egitea bilatzen: “ongizate estatuaren haustura nahi dute”, kritikatu du.

PPk egindako proposamen guztien helburua “eskubideak murriztea” dela salatu du Aburtok. “Hauteskundeetan etekinak lortzeko asmoz egindako egitasmoak dira”, erantsi du.

“Iruzurraren kontrako borroka lege-aldaketekin nahastuta, gizartea manipulatu, engainatu egin nahi dute”, nabarmendu du.

 

Albisteak (3)

Bideoak (1)