Itxi

Eusko Legebiltzarra

Urkullu: 'Presoen gizarteratzea inpunitatearekin lotzea oso larria da'

Erredakzioa

Hitzeman presoak gizarteratzeko Jaurlaritzak aurkeztutako programaren harira, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak egindako galderari erantzun dio lehendakariak, kontrolerako saioan.

Iñigo Urkullu lehendakaria, gaur, Eusko Legebiltzarrean. EFE

Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Legebiltzarreko kontrolerako saioan, Hitzeman programaz aritu da, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez.

Maneiroren hitzetan, presoak gizarteratzeko plana garatzeko eskumena ez dagokio Jaurlaritzari. Urkulluri eskari zuzena egin dio: publikoki esan dezala ETAko presoek dagozkien kartzela-zigorrak bete behar dituztela eta onurak lortzeko zenbait baldintzak betetzea ezinbestekoa dela.

"Presoen gizarteratzea zigorgabetasunarekin lotzea oso larria" dela esanez erantzun dio lehendakariak. "Eusko Jaurlaritzak ez du inoiz defendatu ETAko presoen inpunitatea, eta ez du defendatuko", gaineratu du.

Auzipetuen zigorren inguruan erabakitzea botere judizialari dagokiola, eta ez gobernuei, zehaztu du Urkulluk. Baina, hori bai, presoen gizarteratzea ahalbidetuko duten planak garatzea arduradun politikoen lana dela gogorarazi dio Maneirori.

Konstituzioan bertan presoen gizarteratzea "kontsakratzen" dela nabarmendu du lehendakariak, eta, beraz, Hitzeman programa legearekin bat datorrela, gizarteratzeko legezko prozesuen alde egiten duelako. "Legezko bidea da, beharrezkoa eta egokia", adierazi du.

Albisteak (3)