Itxi

Batzordea

Memoriaren Institutua azaroaren 3an eztabaidatuko dute Legebiltzarrean

Erredakzioa

EH Bilduk (21) eta PPk (64) 85 zuzenketa aurkeztu dizkiote testuari, baina horietako batzuk agirian barneratzeko lanak oso aurreraturik dauzkate.

Memoria eta Elkarbizitzaren Institutua sortzeko EAJk eta PSE-EEk adostutako testua (lege-proposamena) azaroaren 3an eztabaida dezakete Eusko Legebiltzarreko batzordean, fase txostengilea gainditu eta gainerako alderdien zuzenketa batzuk barneratu eta gero.

Eusko Legebiltzarreko iturriek data baieztatu dute. Bestalde, lege-proposamena urtea bukatu baino lehen onartu nahi dute osoko bilkuran.

Otsailaren 14an ekimena aurrera eramateko batzorde txostengilea osatu zuten Gasteizko Ganberan. EAJk eta PSEk adostu zuten eta bake eta elkarbizitzarako politikak koordinatzeko organo bat sortzea zuen helburu, “terrorismoak, indarkeriak edo giza eskubideen urraketak legitimatzeko historia berriz idaztea” saihesteko.

85 zuzenketa

EH Bilduk (21) eta PPk (64) 85 zuzenketa aurkeztu dizkiote testuari eta iturrien arabera, horietako batzuk agirian barneratzeko lanak oso aurreraturik dauzkate.

Testua adostasun zabal batekin jaio zen iragan legealdian eta babes handia izatea nahi dute EAJk eta PSE-EEk. Hala ere, dagoeneko ekimenak babes nahikoa du onartzeko.

Erakundeak terrorismoaren biktimen memoria gorde behar duela uste du PPk, ez indarkeriak alderatu. Bestalde, “Estatuaren” indarkeria barneratzea planteatu du EH Bilduk.