Legearen 35. urteurrena
Estatutuak alderdiak banandu ditu beste behin ere
Erredakzioa
EAJk eta EH Bilduk indarrean dagoen Autonomia Estatutuaren kontra egin dute, gizartearen eskakizunen maila ematen ez duela iritzita. PSE-EEk eta PPk, berriz, elkargunetzat jo dute Estatutua.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Koldo Mediavilla EAJko Harreman Instituzionalen idazkariak estatus berria defendatu du Euskadirentzat. Jeltzalearen iritziz, Gernikako Estatutua baldintza batzuen eraginpean dago, eta horiek estatutua euskal gizartearen beharretara egokitzea eragozten dute.
Gernikako Estatutuak 35 urte bete ditu gaur, eta, horren harira, adierazpen instituzionala egin du Koldo Mediavilla jeltzaleak EAJren Bilboko egoitzan.
Estatutua "lehen mailako tresna juridikoa" izan da eta horrek "ongizate sistema propioa eraikitzea", "erakunde solidoak eta kaudimendunak" izatea, "kalitatezko hezkuntza" edukitzea, "osasun unibertsala", gizarte laguntzak eta segurtasun "osoa" izatea ahalbideratu die euskal herritarrei.
EH Bildu
Maribi Ugarteburu EH Bilduren Bizkaiko koordinatzailearen esanetan, Gernikako Estatutua “baliorik gabeko eta agortutako” tresna da “Euskal Herriaren helburu politikoak eta sozialak lortzeko”.
EH Bildu zazpi lurraldeek “bidean bat egitearen” alde agertu da, “prozesu eraikitzaileak bultzatu beharko ditugu, horien bidez, euskal herritarrok erabakiak hartzeko eredua hauta dezagun”.
“Burujabetza behar dugu, gizartearen eta ekonomiaren larrialdi egoerari konponbidea topatzeko”, azpimarratu du Ugarteburuk.
PSE-EE
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak alderdiaren Batzorde Nazionalean adierazi duenaren arabera, Estatutuak “euskal herritar danok batzen gaitu, gure jatorria, sinesmen edo nongoak sentitzen garen gorabehera. Esparru politiko bereko hiritar askeak garela ospatzeko eguna da. Batzen gaituena ospatzeko eguna; hori ez dira aberriak, ezta banderak ere, baizik eta bizi eta bizitza garatzeko esparru legala”.
Autogobernua, Mendiak gaineratu duenez, euskal herritarren zerbitzura egon behar da, ez euskal alderdi nazionalen zerbitzura, beraz, “Iñigo Urkullu lehendakariak gurekin bat egin nahi izanez gero, pertsonak laguntzeko gauzetan izan beharko da, ez inora garamatzaten abentura nazionalisten inguruan”.
PP
Euskadiko Alderdi Popularraren iritziz, Gernikako Estatutua da Euskadiko biztanle guztien bilgune bakarra. Are gehiago, Arantza Quiroga Euskadiko PPko presidentearen esanetan, Estatutua ez den beste edozein itunek kalte egingo lioke erakundeen legitimitateari. Bestalde, "biktimismora jokatzeari" uzteko eskatu dio EAJri.
Quirogak adierazi duenez, PPk Autonomia Estatutua ospatu nahi du eta baita horren balioa azpimarratu ere, izan ere, "Estatutuari esker Euskadiko herritarrek inoizko garapen eta autogobernu mailarik gorenena eskuratu dute".