2015erako aurrekontu proiektua
PSEk proposatutako 150 milioiak erantsi dituzte aurrekontu proiektuan
Erredakzioa
PSEk 2015eko Aurrekontua babesteko gutxienez 150 milioi euro politika sozialetara bideratu behar zituela ohartarazi zion Idoia Mendiak lehendakariari.
Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak jakinarazi duenez, 2015erako aurrekontu proiektuan PSEk egindako zenbait eskakizun sartu dituzte.
Alderdi Sozialistak gutxienez 150 milioi euro politika sozialetara bideratzeko eskatu zion Jaurlaritzari, sozialistek aurrekontu proiektua babesteko baldintza gisa.
Egitasmoa aurkezteko agerraldian Gatzagaetxebarriak adierazi du PSEk esandakora “lerrokatzen” saiatu direla. “Bat gatoz zerga-bilketak hobera egiten badu, baliabide gehiago politika sozialetara eta enplegura bideratu behar direla, ekonomiak hobera egin dezan”, erantsi du.
Gauzak horrela, eta PSEk EAJrekin nahiz Jaurlaritzarekin izandako bileretan egindako eskaera aintzat hartuta, 150 milioi politika horietara bideratuko dituztela azpimarratu du.
“Alderdi Sozialistak eskaera hori egin zigun, datozen hilabeteetan negoziatzen jarraitzeko asmoz”, gaineratu du.