Aurrekontu proiektua
EH Bildu murrizketarik gabeko aurrekontuak onartzeko prest agertu da
Erredakzioa
Elkarrizketarako atea zabalik utzi du koalizioak, EAJrekin akordioak bilatzeko.
EH Bildu Eusko Jaurlaritzarekin murrizketarik gabeko aurrekontuak onartzeko prest agertu da, eta, EAJrekin akordioak bilatzeko, elkarrizketarako borondatea duela berretsi du.
Eusko Legebiltzarrean egindako prentsaurrekoan, Oskar Matute, Leire Pinedo eta Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideek atzo Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako 2015erako aurrekontu proiektua izan dute hizpide. 10.639 milioi euroko aurrekontu proiektua onartu du Eusko Jaurlaritzak 2015erako, aurrekoa baino 423,5 milioi gehiago.
Aurrekontu proiektua "osorik" ezagutzen ez badute ere, murrizketak jasotzen dituela salatu dute, eta horrek gizartea "Hezkuntzan, Osasunean eta Gizarte Babesean murrizketak pairatzera" zigortu duela.
EH Bilduren iritziz, aurrekontu "kontinuistak" dira, eta "egungo aurrekontu eskemak gainditzeko" ausardia eta adore falta izatea egotzi dio Jaurlaritzari. "Aurrekontu proiektu horrek ez die hazten ari diren desberdintasunei irtenbidea ematen; Osakidetzan eta Hezkuntzan lanpostuak galduko dira, zerbitzua debaluatuz, eta gizarte-larrialdietarako laguntzak urriak izango dira eta kontziliaziorako laguntzak galdu egingo dira", salatu du.
10.639 milioi euroko aurrekontu proposamenak "ez ditu euskal gizartearen zailtasunak konpontzen", EH Bilduren arabera. Horren aurrean, akordioa lortzen saiatzeko proposamen "argia" eramateko konpromisoa agertu du. "Gure gustukoa ez bada ere, akordioetara heltzeko eta murrizketarik gabeko jarrerari eusten diogu", gaineratu dute EH Bilduko legebiltzarkideek.
Ildo horretan, koalizioak diru hori "beste modu batera" kudeatu daitekeela uste du, kohesio sozialerako beharrezko guneak bermatzeko, eta lehentasunak ezartzeko eztabaida irekitzea proposatu du. "Lehentasunak argi eta garbi zehaztea faltan botatzen dugu. Murrizketarik gabeko aurrekontuak nahi ditugu, eta gure esku dagoen guztia egingo du akordioa erdiesteko eta murrizketarik gabeko aurrekontuak lortzeko", nabarmendu du.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzarekin aurrekontuen inguruan hitz egiteko ordezkari talde bat eratu du EH Bilduk. Oskar Matutek, Leire Pinedok, Dani Maeztuk eta Unai Urruzunok osatuko dute. Dena den, negoziazio "zailak" izango direla iragarri dute, Eusko Jaurlaritzaren proposamena EH Bilduren "helburuetatik urrun dagoelako".