Itxi

Ebola

Teresa Romero: 'Ez dut kexarik, ezta inor gorrotatzen ere'

Erredakzioa

Ebola birusa gainditu ondoren, lehen aldiz agertu da hedabideen aurrean Teresa Romero erizain laguntzailea. Gaixoaldian zaindu duten profesionalen lana goratu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ez duela inor gorrotatzen esanaz ekin dio Teresa Romerok, ebola birusa gainditu ondoren, hedabideen aurrean egin duen lehen agerraldiari.  Gurpildun aulkian sartu da prentsa aretora, eta txalo artean hartu dute bertan zain zituen ospitaleko langileek eta kazetariek.

Teresa Romerok azaldu du ez dakiela zerk huts egin zuen edota benetan hutsegiteren bat egon zen ala ez, baina gorrotorik eta gaitzespenik ez duela azpimarratu du.

Romerok agiri bat irakurri du, eta behin baino gehiagotan bere hitzaldia eten behar izan du 30 egunetan ospitalean ondoan izan dituen osasun langileen txaloak tarteko.

Hunkituta, gaixoaldian ondoan izan dituen osasun profesional guztiei eskerrak eman dizkie. Halaber, Espainiako osasun publikoa "munduko onena" dela eta bertako profesionalak "bihozberak" direla goraipatu du: "Kudeaketa politikoa negargarria izan den arren, Espainiako osasun publikoa mirariak egiteko gai da. Ni naiz mirari horietako bat".

"Heriotza gertu sentitzen nuenean nire oroitzapenei atxikitzen nintzen, nire familiari, biziki maite dudan nire senarrari. Ni isolatuta nengoen eta kanpoaldearekin nuen kontaktu bakarra Javier bera zen", azaldu du. Gainera, bera zaindu duten profesionalen maitasuna eta horien pazientzia goraipatu ditu.

Erizain laguntzaileak oraindik ere ahul dagoela azpimarratu du, eta "lasaitasuna" eta "intimitatea" eskatu ditu errekuperazio prozesuarekin jarraitzeko.

Bestalde, bere kasuak gaixotasuna ikertzeko eta "zerbaitetarako" balioko duenaren itxaropena agertu du. "Nire odolak beste pertsona batzuk sendatzeko balio badu, hemen nago ni", gaineratu du.

Excalibur txakurrari aipamena

Teresa Romerok bere hitzaldia amaitu ostean, haren senarrak hartu du hitza eta, erizain laguntzailearen izenean, Excalibur txakurraz hitz batzuk egin ditu.

Javier Limonen esanetan, Teresa Romero ez da gai Excalibur txakurraz hitz egiteko "emozionatu egiten delako". Limonek adierazi du Excalibur inoiz izan ez zuten haurra zela eta animaliak dituztenek ulertuko dutela. Halaber, animaliak maite dituztenei eskerrak eman dizkie Excalibur ez hiltzea defendatzeagatik, azkenean borrokak balio izan ez bazuen ere.

"Ez ziguten Excaliburren heriotza geldiarazteko alegaziorik aurkezteko aukerarik eman", azpimarratu du. Gainera, gaixotasunak animaliengan duen eragina eta horiek birusa transmititzeko gai diren ala ez frogatzeko aukera alferrik galdu dela nabarmendu du.

Une “oso kritikoak”

Bestalde, gaixotasunaren une “kritikoenetan” Teresa Romeroren bizitza arriskuan izan zela onartu du erizaina artatu zuen talde medikoak, baina lana eta profesionaltasuna pazientea sendatzeko “bideak” izan direla erantsi du.

Fernando de la Calle, Marta Mora, Mar Lago eta Marta Arsuaga Medikuntza Tropikaleko Unitatearen medikuek eta Esther Bellon erizainak prentsaurrekoa eman dute. Jose Ramon Arribas La Paz-Carlos III ospitaleko Eritasun Infekziosoen Unitateko buruzagiak, Rafael Perez-Santamarina zentroko zuzendariak eta Yolanda Fuentes zuzendariordeak lankideak lagundu dituzte.

Teresa Romero zerk sendatu duen zehaztea zaila dela azpimarratu du Arsuagak. Osatzeko garaian erizainaren sistema immunologikoak zeresan handia izan duela uste du medikuak. “Teresa zerk sendatu duen ezin dezakegu esan”, gaineratu du.

Albisteak (3)

Bideoak (1)