Frankismoko Krimenak
Frankismoko 20 agintari atxilotzeko agindu du Interpolek
Erredakzioa
Dena dela, Espainiako Poliziak ez ditu atxiloketak egingo, 2010. urtean onartutako ebazpen bati helduta.
Frankismoko krimenengatik inputatuko 20 pertsona behin behinean atxilotzeko agindua eman du Interpolek. Argentinako Justizia ari da Frankismoko krimenak ikertzen eta Interpoleko Argentinako ordezkaritzak eman du atxilotze agindua. Inputatuko 20 lagunak Frankismo garaiko arduradun politikoak dira. Tartean daude Rodolfo Martin Villa eta Jose Utrera Molina ministro ohiak.
Argentinako Kereilaren aldeko Koordinadorak jakitera eman duenez, Interpolek Maria Servini Frankismoko krimenak ikertzen ari den epaileari jakinari dio urriaren 30ean kaleratutako autoaren harira eman duela atxiloketak egiteko agindua.
Besteak beste, Rodolfo Martin Villa ministro ohia estraditatzea eskatu du Argentinako Justiziak, 1976. urteko martxoaren 3an Gasteizen gertatutakoan izandako erantzukizunak argitzeko. Bost langile hil zituen Poliziak egun horretan, eta Martin Villa Sindikatu Harremanetarako ministroa zen.
Jose Utrera Molina ere nahi du Argentinak. Frankismoaren Mugimenduko idazkari nagusia izan zen 1974tik 1975era, eta 1973an Etxebizitza ministro. Salvador Puig Antich anarkistari heriotza zigorra ezarri izana leporatu dute.
Interpolek atxilotzea eskatu duten beste ministro ohiak hauek dira: Fernando Suarez Lan ministro eta Espainiako Gobernuko presidenteorde ohia, Frankismoak fusilatutako azken bost pertsonen auzian duen arduragatik); Antonio Carro Martinez Presidentetza ministro ohia; Licinio de la Fuente Lan ministro eta presidenteorde ohia; Jose Maria Sanchez Ventura Pascual Justizia ministro ohia eta Alfonso Osorio garcia Presidentetza ministro eta presidenteorde ohia;
Polizia ohien artean, Jesus Quintana Saracibar, Jesus Gonzalez Reglero, Ricardo Algar Barron, Felix Criado Sanz, Pascual Honrado de la Fuente, Jesus Martinez Torres, Benjamin Solsona Cortes eta Atilano del Valle Oter ere atxilotzea agindu dute.
Azkenak hauek dira: Carlos Rey Gonzalez, Salvador Puig Antich anarkista epaitu zuen Gerra Kontseiluko kidea; Antonio Troncoso de Castro eta Jesus Cejas Mohedano, epaile ohiak eta Abelardo Garcia Balaguer ginekologia.
Catalaren hitzetan, Auzitegi Nazionalak estradizioari ezezkoa emango dio
20 inputatuak Argentinara estraditatzeari ezezkoa emango diola iragarri du Rafael Catala Justizia ministroak. Ministroaren ahotan, delituaren epea iraungi dela argudiatu eta 1977ko Amnistia Legea gogoraraziko du Auzitegiak.
Interpolek emandako aginduaren inguruan galdetu diote Catalari Kongresuko pasilloetan. Aginduaren nondik norakoak ezagutzen ez dituela azaldu du ministroak, baina Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño inspektore ohiaren eta Jesus Muñecas Aguilar Muñecas kapitaina-ren kasuan igorritako ebazpenaren "oso antzekoa" izango dela iragarri du, "pareko gertakariak" direlako.
“Interpolen agindua aztertu behar da, baina Auzitegi Nazionalak antzeko gertakarietan dituen aurrekariekin, ebazpena berdintsua izango dela uste dut, hau da, estradizioa ukatuko du Espainian delituak iraungi direlako eta Amnistiaren Lege bat dagoelako”, erantzun du.
Amnistiaren Legea 1977an aho batez onartu zutela goraipatu du Catalak, “gure historiaren garai tragiko bat gainditzen saiatzeko”. “Zorionez, guztiz gainditu” dutela azpimarratu du.
Espainiako Poliziak ez ditu atxiloketak egingo
Eskaerak eskaera, Espainiako Poliziak ez ditu atxiloketak egingo, Interpolen Idazkaritza Nagusiak 2010. urtean onartutako ebazpen bati heldu baitio.
Ebazpen horrek AG-2010-RES-10 du izena, eta genozidio eta gerra-krimenen esparruan herrialdeen artean ematen den lankidetzari buruzkoa da. Hain zuzen ere, herrialdeen arteko lankidetzari argi berdea ematen dio ebazpenak, baina salbuespen batekin: inputatuaren herrialdea aurka agertzen bada, 30 eguneko epean.
Antza denez, gizateriaren aurkako krimenen salaketak ugaritu egin zirelako jarri zuen muga hori Interpolek, herrialdeen arteko gatazkek ere gora egin zutelako.
Azaroaren 4an, Interpol-Argentinak aipatu 20 pertsonak atxilotzea eskatu zion Madrilgo bulegoari. Dena dela, Interpol-Espainia aurka agertu zen.
Biktimek Espainiako Gobernuaren amarrua salatu dute
Horren ildotik, biktimek salatu egin dute atxiloketak ez egiteko Espainiako Gobernuak egindako amarrua, eta Mariano Rajoyren Exekutiboak “gaizkileak” babesten dituela kritikatu dute, Carlos Slepoy abokatuak adierazi duenez.
Horren esanetan, Interpol-Espainiaren erabakiak “inpunitatea” ekarriko dute. “Lotsagarri iruditzen zaigu gaizkile hauek argi eta garbi babestu izana”, gaineratu du abokatuak.
Slepoyk azaldu duenez, baliteke Servini epaileak estradizioa eskatzea, eta, horrela, Ministroen Kontseiluak hartu beharko luke erabakia.