Itxi

Nafarroa

Esparzak UPNren zerrendaburu izateko hautagaitza aurkeztuko du

Erredakzioa

Hautagaitzak aurkezteko epea bihar, azaroaren 18an, irekiko da, eta 24ra arte egongo da zabalik. Bozketa azaroaren 29an egingo dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Jose Javier Esparza Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilariak dagoeneko iragarri du Nafarroako Parlamenturako UPNren zerrendaburu izateko hautagaitza aurkeztuko duela, Yolanda Barcinak hautagaitzari uko egin eta gero.

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko eta UPNko presidenteak hautagai ez zela izango iragarri ostean, Zerrenden Batzordeak ondorengoa eta Iruñeko eta Tuterako Udaletako zerrendaburuak aukeratzeko egutegia zehaztu zuen. Epea bihar, azaroaren 18an, irekiko da, eta 24ra arte egongo da zabalik hautagaitzak jasotzeko.

Horren haritik, hautagaiek curriculuma aurkeztu beharko dute, Zerrenden Batzordeak aztertzeko, eta, ostiralean lortutako akordio baten ondoren, Kontseilu Politikoari igorriko dizkio aurkezten dituzten hautagaitzak, horrek, ondoren, zerrendaburua aukera dezan.

Kontseilu Politikoa azaroaren 29an, larunbata, egingo dute, eta bertan bozkatuko dira hautagaitzak. Nafarroako Presidentetzarako UPNren hautagaia alderdiak hilaren 30ean egingo duen Alderdiaren Egunean aurkeztea espero da.

“Urratsa emango dut”, esan du Esparzak. Horren esanetan, gaur goizean eman dio Barcinari bere erabakiaren berri, baina ez du argitu babesa eman dion. Halere, UPNren presidente den heinean “errespetu handia” izango duela esan du.

Beste alderdikide batzuek hautagaitza aurkezteko aukeraren inguruan, Esparzak adierazi du hori “positiboa” dela “beti” eta, ziurtatu duenaren arabera, azkenean beste pertsona bat hautatzen badute “nire babes osoa izango du”. “Zenbat eta hautagai gehiago, orduan eta hobeto, nire iritzian”. “Urratsa eman dezakeen eta hautagai zoragarria izan litekeen lagun asko dago”, azpimarratu du.

PSNrekin akordioak egitearen aldekoa ote den galdetu diote, eta, esan duenez, “entzutea oso garrantzitsua izan ohi da asmatzeko” eta “akordioak lortzeko gaitasuna izatea gakoetako bat da”. Halere, Esparzaren esanetan, “nik emandako pauso bakarra nire burua alderdiaren eskuetan jartzea izan da, gainerako guztiaz hitz egiteko denbora egongo da”.

Kazetariek egindako galderei erantzunda, bestalde, ukatu egin du Yolanda Barcinaren hautagaia izatea. “Javier Esparza berarengan konfiantza duenaren hautagaia izango da”, erantzun du, berak berezko ibilbidea egin duela gogorarazi baino lehen. Besteak beste, Aoizeko alkate, Cederna-Garalur Landa Garapeneko Institutu Nafarreko zuzendari eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari izan da.

Gainera, aditzera eman du ez Barcinak ez Miguel Sanzek eskatu diotela hautagaitza aurkeztea, eta ez duela kritikoekin hitz egin; “UPNko sentsibilitate eta esparru ezberdineko kideek deitu didate, animoak emateko”.

Albisteak (1)

Bideoak (1)