Itxi

2015eko Foru hauteskundeak

Xabier Olanok ez du baztertzen Podemosekin akordioak lortzea

Erredakzioa

Hori bai, Gipuzkoako ahaldun nagusirako EH Bilduren hautagaiak egitarauan ados jartzea eskatzen du inolako hitzarmenik itxi aurretik.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Xabier Olano Gipuzkoako ahaldun nagusirako EH Bilduren hautagaiak ez du baztertzen Podemos-Ahal Dugu alderdiarekin akordioak lortzea, baldin eta Pablo Iglesiasen alderdiak 2015eko Udal eta Foru hauteskundeetan parte hartzea erabakitzen badu.

"Programatan kointzidentziak baldi badaude, eta egongo direla espero da, bat egiten dugun gaietan akordioak lortzea ez dugu baztertzen", adierazi du Xabier Olanok Donostian egindako prentsaurreko batean. Hori bai, Podemos-Ahal Dugu alderdiarekin inolako hitzarmenik itxi aurretik, egitarauan ados jartzea eskatzen du.

Bilduk hiru urte eta erdian "Gipuzkoa hobea, berria eta orekatuagoa" eraikitzea lortu duela nabarmendu du Xabier Olanok.

"Asko irabazi dugu mugikortasunean, zerbitzu sozialetan. Asko aurreratu dugu fiskalitatea, ingurumenean. Aurrerapenak begibistakoak dira, nahiz eta batzuk atzera begira jarraitzen duten, proiektu zaharretan ataskatuta", azaldu du.

Olanoren esanetan, "errauskailua iragana da. Etorkizuna berziklatzetik dator, baimenak ukatu arren. Gipuzkoa aurrera doa tinko, nahiz eta batzuk iraganari lotuta jarraitu aurrerapenak oztopatu nahian. Errausgailuarekin katramilatuta jarraitzen dute nahiz eta Gipuzkoak eta gipuzkoarrek birziklatzearen aldeko apustu argia egin duten". Azpimarratu duenez, Bilduk bi urte eta erdia birziklapen tasa bikoiztea lortu du eta 2016an % 60tik gorakoa izatea espero du.

"Hori da guztion artean jorratu behar dugun etorkizuna, dagoeneko zaharkituta gelditu diren proiektu zaharrak albo batera utzita" gaineratu du.

"Erabat zaharkituta gelditu diren, zentzurik eta etorkizunik gabeko proiektuetan ainguratuta jarraitzen dute. Hala ere, oztopo horiek albo batera utziko ditugu eta Gipuzkoak aurrera egiten jarrai dezan lanean jarraituko dugu", azpimarratu du.

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)